Gasteizko Aihotz plazan izan dira gaur goizean Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako ordezkariak, 2024 uztako sagardoak aurkezten. Lehen aldiz aurkeztu da Araban uzta berria, kopuruz "uzta txikia" izan dena, baina "izaera eta gorputz handiko sagardoak" eman dituena. 1,3 milioi litro Euskal Sagardo ekoiztu dira aurten.
Ekainaren 7an, larunbat honetan, Sagardo Eguna izango da Gasteizen, eta egun osoko egitaraua antolatu dute Aihotz plazan. Gipuzkoa eta Arabako 11 sagardotegitako sagardoa izango da bertan, dastatze gidatu eta guzti. Mendialdeko Gaiteroak eta La Txama taldea ere arituko dira eguna girotzen, eta Eusko Label produktuen dastaketaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Deitura osatzen duten sagardogileetatik bi dira arabarrak, Kuartango eta Iturrieta sagardotegiak. Hiru dira Bizkaikoak, eta gipuzkoarrak beste 42. Denen artean 110 produktu ezberdin sortu dituzte aurten. Aipatu dutenez, Euskal Sagardoa deituratik elkarlanean ari dira Iparraldeko eta Nafarroa iparraldeko sagar eta sagardogileekin, Euskal Herri osora zabaltzeko Jatorri Deitura.