Aihotz plaza erabat segurua dela ziurtatu du gaur Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateordeak, plazaren azpiko harpeen egiturazko probak "arrakastaz" gainditu ostean.
Alkateordearen arabera, maiatzaren 12tik 16ra egindako karga probek, —teknologia aurreratuekin eta diziplina anitzeko azterlanekin osatuta—, harpeak "egoera ezin hobean" daudela frogatu dute. Proba hauek ibilgailu astunen igarotzea, pertsonen pilaketak eta egoera dinamikoak simulatu dituzte, eta emaitzek plazaren ohiko erabilerak —kontzertuak, azokak eta terrazak aipatu ditu udalak— seguruak direla berretsi dute.
Erantsi dutenez, lehen aldiz dokumentazio tekniko zehatza sortu da, etorkizuneko esku-hartzeetarako erreferentzia gisa. Artolazabalek herritarrak "lasaitasunez" plazaz gozatzera animatu ditu, eta udal teknikarien zein inguruko negozioen lankidetza eskertu du.
"Herritarrek lasaitasun osoz jarrai dezakete espazio sinboliko horretaz gozatzen. Zapaltzen duten lurra segurua eta fidagarria da. Horrelako leku garrantzitsuak ondo zaintzen eta erabiltzen jarraitu nahi dugu", laburbildu du Artolazabalek.