Martxoaren 26an hasitako greba mugagabeak konponbiderik gabe dirau. Gasteizko Udalak azpikontratatutako Enviser enpresako langileek hitzarmen propioa eskatzen daramatzate bi hilabete eta aste bat, baina orain arteko negoziaketek ez dute emaitzarik eman.
Enpresak joan den astean adierazi du ez duela gaitasunik langileen aldarrikapenak asetzeko, eta kontratua etetea aztertzen ari direla haien talde juridikoarekin. Maider Etxebarria alkateak ere aipatu zuen etetearen aukera, "muturreko azken aukera" gisa, baina badirudi hori izan daitekeela enpresak bilatuko duen aterabidea. Gerora berriz negoziatu beharko litzateke udalaren azpikontratatzeko eskaintza berria, eta Enviser berriz aurkeztu ahal izango litzateke horra.