Gasteizko auzoetako arazoei "auzo elkartasun eta perspektiba integratzaile batetik" heltzeko beharrak 30 eragile baino gehiago batu ditu Gasteiz Anitzak herri ekinaldian. Elkarbizitza abiapuntu eta helburu izango duen eredua babestu dute, eta auzokide bakoitzari "ardura hartzeko" eskatu. Era berean, erakundeei gizarte zerbitzuak "baliabidez hornitzeko" galdegin diete, "sare zabal eta eraginkor bat" lortze aldera.
Hirian gero eta pertsona gehiago "kale gorrian" daudela gogoratu dute, muturreko pobrezia egoeran, eta instituzioek ez dutela baliabiderik ematen egoera honi aurre egiteko. "Gure hirian ere gero eta beldur eta gaitzespen handiagoa dago errefuxiatuei eta migratzaileei egiten zaien harreraren aurrean, kriminalizatuak direnak benetako baliabide eskasia ezkutatzeko", salatu dute agerraldian.
Egoera horren aurrera, "beste alde batera begiratzea" konponbidea ez dela esan dute, eta "bakoitza bere esparrutik" parte hartzera dei egin dute. "Gure komunitateak indartu eta alternatibak eraikitzen ditugunak gara. Gure bizilagunen arazoak gure arazoak ere badirela ulertzen dugunak gara. Feministak gara. Euskaldunak gara. Langileak gara. Eta berdin digu non eta noiz jaio garen, gasteiztarrak gara. Auzokideak gara. Anitzak gara. Eta harro gaude".
Orain jaiak ospatzen ari den Errota auzoan, hain zuzen, urte hasieran ematen ari zen egoeragatik jositako harreman eta sare lana baliatuko dituztela esan dute. "Argi dugu Errota auzoa Anitza dela eta ezinegona sortzen zigun pobreziaren bazterretan aurkitzen ziren auzokideak auzotik bota nahi zituzten mezuak bere kaleetan zehar ikustea". Ordutik, Gasteizko auzo sare ezberdinekin lanean egon direla azaldu dute, ara eta 30 eragile baino gehiagok bat egin dute kezka, planteamendu eta helburu berarekin, "auzoak trebatzea auzoko arazoen konponbidean".
Egoera zaurgarrian dauden pertsonekiko diskurtso baztertzaileak ohikoak bihurtu direla salatu dute. "Eta azken hilabetetan gazteen kontrako diskurtso arrazistak biderkatu dira: beldurrak, estereotipo okerrak eta segurtasun ezaren aitzakipean. Gure hirira etorkizunean etor daitezkeen errefuxiatuak kriminalizatzen dituzten mezuak ere ugaritu egin dira eta gorrotoa bultzatzeko kanpaina politikoen fokuan aurkitzen dugu harrera zentro bat".
Bestelako eredu bat
Hala, "soilik Poliziaren esku hartze gehiago" eskatzen duen ereduaren aurrean, beste eredu bat lantzeko gogoa azaldu dute, eta hortara batzeko deia egin. Elkartasuna abiapuntu eta helburu. "Dikotomia faltsuak alboratuz, auzokideen arteko elkartasuna izan da eskura aurkitu dugun tresna". Horretarako, auzokide bezala eragitearen alde egin dute, eta bitartekaritza komunitarioa aipatu, "auzokideen arteko konfidantza zubiak eraikitzeko".
Ildo beretik, erakundeei ere egin diete deia. Gasteizko Udalari, Arabako Foru aldundiari eta Jaurlaritzari gizarte zerbitzuak berehala "baliabidez hornitzea" eskatu diete, euren arabera hiriko gizarte zerbitzuak "kolapso egoeran" baitaude egun: aterpea, Camas, garbigailu eta dutxa zerbitzuak, jantoki sozialak edo Hurbil zerbitzua. "Udaleko elkarbizitza eta aniztasun zerbitzuari eskatzen diogu, gatazken kudeaketa positiboarekin, gizarte kohesioarekin, planteamendu praktiko eta gauzagarriak egin ditzala".
Eskuin muturraren mezuak indarra irabazten doazen kontestuan, herrigintzatik zailtasunak eta erreminta falta handia dutela azaldu dute. Horregatik gonbidatu dituzte Gasteizko eragile eta herritar guztiak gatazkei bestelako modu batean erantzutera: "Eta elkarrekin Gasteiz hiri bizigarria izan dadin baldintzak sortzeko tresna berriak ikertu eta bide berriak jorratzera. Ezin dugu utzi ohikoa izatea babesa eskatzen duten errefuxiatuen aurkako diskurtso xenofoboak eta arrazistak normalizatzea. Arazoaren oinarrian pobrezia, arrazakeria eta bazterkeria daude".
Ver esta publicación en Instagram