"Gasteizen EAG bakarra izaten jarraitzen dugu, San Martinekoa irekitzen delako soilik jaiegunetan eta asteburuetan". Hala esan du Osasun Publikoa Aurrera plataformak Gasteizko Etengabeko Arreta Guneen funtzionamendua salatzeko ostegun honetan egin duen kontzentrazio batean.
Azaldu dutenez, San Martin eta Olagibeleko EAGak zabalik daudenean arreta ematen duten langileak banatu dituzte, hau da, Olagibelek plantillaren erdia hartzen du eta San Martinek beste erdia; eta arretaren ordutegia 24:00etan amaitzen da.
Ildo horretan, gogoratu dute EAGak larrialdi zerbitzuei lana arintzeko sortu zirela, eta uste dute EAG bakoitzean asteburuetan erdira murriztutako plantilla ez dela nahikoa, "are gehiago biztanleria gero eta zaharragoa eta arreta fakultatiboaren premia handiagoa duen hirian. Bi EAG behar ditugu, egunero 24 orduz irekita langile guztiekin", esan dute.