Gasteizko EDA Drinks & Wine Campusak bere eskaintza osatzen dihardu, eta proposamen berri baten berri eman dute. Garagardogintzaren inguruko teknologiari buruzko prestakuntza iraunkorreko masterra eskainiko dute, Espainiako Estatuan bakarra izango dena, "ikuspegi global eta berritzailearekin diseinatua".
Basque Culinary Centerreko Gastronomia Zientzien Fakultateak (EDA) emango du masterra, Espainiako Garagardogileen elkartearekin elkarlanean. Datorren urtean izen emateak zabaltzeko asmoa dute, prestakuntza 2027an hasi ahal izateko. Joxe Mari Aizeaga BCCko zuzendariaren hitzetan "ohore handia da edarien sektoreko erreferenteetako batekin batera lan egitea, nazioartean erreferentea den master hau sortzeko".
Antolatzaileen esanetan, EDA Drinks & Wine Campusaren helburua da edarien eta ardoaren bidez " garapen ekonomiko eta sozial jasangarria sustatzea". Horretarako, Basque Culinary Centerren Gastronomia Zientzien Fakultatetik unibertsitate-ikasketak eta master espezializatuak eskainiko dituzte, ekintzailetza eta berrikuntza bultzatu, eta sektorera ezagutza transferitzera bideratutako ikerketa ildoak garatuko dituzte, "betiere nazioarteko proiekzioarekin, ikuspegi integral batekin eta bikaintasuna helburu".