Gasteizko TAO berria irailaren 15ean indarrean sartuko da, orain dauden plaza kopurua ia-ia biderkatuz. Hala, ordenantzak eremu arautuak nabarmen handitzea aurreikusten du: TAO plaza kopurua 6.000 izatetik 11.000 izatera igaroko da, Arana, Aranbizkarra, Santa Luzia, San Martin eta Aranzabal hartuz, eta Adurtzako Triana kalean zabalduz. Arau berria sartuko den egun berean hasiko da ere erdigunean sortuko den Emisio Gutxiko Eremua.
Egoiliarrek urtean 45 euro ordaindu beharko dute. Profesionalentzako kuota, berriz, urtean 285 eurokoa izango da. Bestetik, zigorrak handituko dira: jada ezingo da isuna kendu egun berean 6 euro ordainduta. Zigor arinak 30 eta 60 euro artekoak izango dira, eta horiek 200 eurokoak izango dira bereizgarriak manipulatuta edo iraungita izanez gero. Zamalanetarako 30 minutuko guneak ezarriko dira.
Ordenantza PSE-EAJk osatutako gobernu taldearen eta Elkarrekin-Podemosen aldeko botoekin atera da aurrera, atzo egindako bilkuran. EH Bilduk abstentziora jo du, eta PPk kontrako botoa eman du.
Ohar batean, udalak "hiri bizigarriago, jasangarriago eta bidezkoagoaren eraikuntzan" emango den "aurrerapausutzat" jo du araudia, "hiriaren eta bertako biztanleen behar berrietara egokituz". Are, Beatriz Artolazabal alkateordearen esanetan, ordenantza ez da "aldaketa tekniko hutsa", udal mugikortasun politikaren "funtsezko pieza bat baizik". Alkateordea sinetsita dago TAOa ez dela "zigor bat, konponbide bat baizik", eta auzo elkarteekin, merkatariekin, gremioekin eta profesionalekin landu dela babestu du.