Euskal Sagardoa jatorri deiturak Topa! Gasteiz jaia antolatu du ekainaren 7rako. Euskal Herriko hamar sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukera izango da Aihotz plazan, eta kontzertuak eta bestelako eskaintzak ere prestatu dituzte eguna girotzeko.
Goizean 11:30ean hasi eta 14:30ak arte, eta arratsaldez 17:00etatik 21:00etara ezagutu ahal izango dira euskal sagardo ezberdinak, denak bertako sagarrekin eginak. 115 sagar mota onartzen ditu Euskal Sagardoa deitura ofizialak, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 248 ekoizlerenak. 48 sagardogilek osatzen dute jatorri deitura, Aihotz plazan denak egongo ez badira ere.
Bertako gastronomiari ere garrantzia eman nahian, sagardoaz gain, Eusko Label produktuen dastaketak ere antolatu dituzte ekainaren 7rako, "batasun naturala" antolatzaileen esanetan. Sagardo bakoitzarekin ondo josi daitezkeen jakiak proposatuko dituzte adituek.
Egun betea izango da Gasteizko Alde Zaharrean. Hileko lehen larunbata izanik, Almendrako azokako postuz ere egongo da betea auzoa. Hori gutxi balitz, VI half Gasteiz triatloieko atletak ere arituko dira Alde Zaharreko kaleetan zehar korrika. Triatloiarekin elkarlanean arituko dira Euskal Sagardoako kideak, eta atleta bakoitzak bere motxilan sagardo lata bat izango du opari.