Foru Gobernuaren Kontseiluak Arriagako Kontzejua desegiteko foru arau proiektua onartu du gaurko bilkuran. Gasteizko Udalak abiatu du prozedura, 2022. urtetik aurrera, erroldatutako biztanlerik ez duela aintzat izanda, ezta gobernu organo edo administrazio egiturarik ere.
Foru Arauak ezartzen du kontzeju batek lurraldea, biztanleria eta antolaketa izan behar dituela, eta Arriagak ez ditu dagoeneko baldintza horiek betetzen. Hiriaren hazkundeak kontzejuaren lurraldea bereganatu du, bere mugak ezabatuz.
Proiektua jendaurrean jarri denean, ez da alegaziorik jaso, aldundiak ohar batean ezagutzera eman duenez. Hortaz, orain foru proiektua Arabako Batzar Nagusietara bidaliko da, izapidetzeko.
Gasteizko Udala izango da kontzejuaren ondasun, eskubide eta betebeharren oinordekoa: kontu korronte baten saldoa, eta Udaleko Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailean gordetako artxibo dokumentazioa.