Gasteizko aldapa mekanikoek abisu telematikoak emango dituzte

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 27a

Abisuak emateko gailuez gain, beste hainbat elementu aldatuko dituzte. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Aldapa mekanikoen eta igogailuen kalitate kontroleko zerbitzu berria lizitatu du udalak.

Gasteizko aldapa mekanikoetan sentsore eta kontrolagailuak txertatuko dituzte, eta horiek abisu telematikoak berehala emango dituzte, ekipoetan akatsak edo geldialdiak gertatzen direnerako. Abisuak mantentze lanak egiten dituen enpresari eta udalari berari iritsiko zaizkie "denbora errealean", SMS, posta elektroniko edo aplikazio baten bitartez.

Hala jasota dago eskailera eta aldapa mekanikoen zein igogailuen berritzea eta mantentze lanetarako udalak lizitatu duen kontratu berrian. Orotara, kontratuak 71.980 euroko gehieneko kostua izango du.

Agiriak dio sistemak "berehalako konexioa eta komunikazio argia" bermatu beharko dituela, "erantzun azkarra bermatuz". Hala, markagailuak 30 segundo baino gutxiagoan konektatu beharko du. Dokumentuaren arabera, kalitate kontroleko zerbitzuak hainbat alderdi berritzaile txertatuko ditu, instalazioen "segurtasuna eta eraginkortasuna" hobetzeko asmoz. Horrez gain, kontratuak zehazten du hainbat maila, eskubanda eta kate aldatu beharko dituztela Alde Zaharrean kokatuta dauden eskailera, aldapa eta igogailuetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago