Manifestazioa deitu dute astelehenerako lorezainek

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 23a

Enviserreko langileek agerraldia egin dute Mendizorrotzean. Argazkia: GREBA BATZORDEA

Enviser enpresa eta Gasteizko Udala gatazkaren blokeoaren "erantzule zuzenak" direla esan dute langileek.

Mendizorrotzeko igerilekuen aurrean prentsaurrekoa egin dute Enviser enpresako langileek, eta gogoratu dute datorren astelehenean bi hilabete beteko direla greba mugagabea hasi zenetik. Horregatik langileek manifestazioa deitu dute maiatzaren 26rako, 18:30ean, Plaza Berritik abiatuta.

"Herritarrei dei egiten diegu manifestazioarekin bat egiteko. Herritarren eta langileen mobilizazioak soilik lortuko du egungo egoeraren arduradunei, Enviserri eta udalari, presioa egitea gatazkari irtenbidea emateko ", esan dute.

Loreen jaialdia

Udal igerilekuetako berdeguneak "egoera basatian" daudela salatu dute lorezainek Mendizorrotza atarian, eta kritikatu egin dute ere lan gatazkak jarraitzen duen bitartean hirian loreen jaialdia bezalako ekitaldiak egitea. "Gaur, Mendizorrotza eta Gamarrako igerilekuak irekitzeaz gain, loreen jaialdia hasiko da 2012an Green Capital saria jaso zuen hirian, eta gaur egun gutxi harrotu daiteke horretaz". Gaineratu dutenez, hiriko parke eta lorategiek "benetako lotsa" ematen dute,  EAJren eta PSEren "utzikeria eta gelditasunaren aurrean".

Erantzuleak

Kritika gogorrak egin dizkiete enpresari eta Gasteizko Udalari langileek, eta gatazkaren blokeoaren erantzule zuzenak direla azpimarratu dute. "Martxoaren 26an greba mugagabea hasi genuen, urtebete lehenago enpresari hitzarmen kolektibo propioa negoziatzen hastea eskatu ondoren. Enpresak ez du inoiz negoziatu nahi izan, eta langileek greba mugagabea egitea beste aukerarik ez dugu izan, gure lan baldintzak hobetzeko ".

Ordutik, hiru bilera baino ez dira egin, langileen aburuz. "Akordioa lortzeko oztopo nagusia soldatetan dago, langile gehienen soldatek ez baitute LGSa ia gainditzen", adierazi dute.

Enpresa, udalaren gainetik

Langileek udalaren jarrera ere salatu dute. "Udal gobernuak 42 egun behar izan zituen greba batzordeari harrera egiteko, eta langileek udalbatzan eskatu ondoren baino ez zuen egin", azpimarratu dute. Harrezkero, bi bilera baino ez dituztela egin esan dute. "Gobernuaren erantzunen arabera, ezer gutxi egin dezakete pribatizazio eta azpikontratazio politikek eragin duten arazo bat konpontzeko". Eta galdetu dute: "Enpresak udalak baino botere handiagoa al du gatazka honetan?".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago