Gasteizko The Bost jatetxeak agur esango du maiatzaren 31n. Hamaika urtez arrakasta handiz aritu eta gero, behin betiko itxiko dute hiriko jatetxeen artean garrantzitsuenetakoa izandakoa. "Profesional faltagatik" hartu dute erabakia, "mailari eusteko" moduko langilerik aurkitu ez dutelako.
Ondorioz, ekainetik aurrera erreserbatutako bazkari eta afariak bertan behera uzten ari dira, SER irratiak aurreratu duenez, eta barkamena eskatu diete bezeroei, baina erabaki hori hartzeko beste aukerarik izan ez dutela azaldu. "Lantaldearen zati bat bajan dago, eta une honetan merkatuan ez dago haiek ordezkatzeko moduko profesionalik, eta horrela ezinezkoa da aritu garen moduan lanean jarraitzea", azaldu du Jon Santxotenak, The Bost jatetxeko buru eta 2014ko Euskadi Gastronomia sariaren irabazleak.
Azken egunotan hartutako erabakia izan dela azaldu dute, aurre egin ezinik, hartutako "erabaki zaila". The Bots jatetxea Jon eta Xabier Santxotena anaiek ireki zuten, 2014an, aurretik Palacios eta El Portalon jatetxeetan aritu eta gero.