Iberdrolako langileak Errekaleor auzoan izan dira astelehen eta asteartean, okupatutako auzoari argia moztu aurretik argindarraren transformadorea zegoen gelaxkan. Transformadorea erretiratzeko eskaera egin zion enpresak Errekaleor Bizirik kolektiboari, makinaren atal batzuk ingurumenerako kaltegarriak zirela argudiatuta, eta legediaren arabera jaso eta behar bezala prozesatzeko betebeharra zutela esanez.
Auzokideek jakinarazi diete transformadorea jada ez dagoela hor, haiek gelaren kontrola hartu zutenerako ez zegoela bertan. Hala ere, informazio hori egiaztatzera joan dira astelehen honetan Iberdrolako langile batzuk eta Jaurlaritzako Industria ataleko ordezkariak. Transformadorea ez zegoen bertan, baina asteartean itzuli dira langileak argindarraren instalazio zaharraren atal batzuk eramatera.
Honenbestez, Iberdrolak ofizialki itxitzat emango du aspaldian Errekaleorreko transformadorearen gela zena. Azaldu dutenez, bajan egon ezean hiru urtean behin ikuskatzera joateko betebeharra du enpresak. Zortzi urte dira Iberdrolak azpikontratatutako enpresa batek, Ertzaintzaren laguntzaz, argia moztu ziela Errekaleorreko bizilagunei. Auzokideek adierazi dute azken mugimendu hauen atzean haien bizi eredua kolokan jartzeko asmoa dagoela, eta ez dutela aitzakiarik berriro auzora joateko.
Auzo bizitzarekin aurrera
Errekaleor Bizirik proiektuak hamabigarren urtea bizi duen honetan, asteburu honetan ospatuko dituzte auzoko jaiak, maiatzaren 23tik 25era. "Auzo boterea materializatu" asmo dute jai hauekin, eta bertaratzeko gonbidapena egin diete herritarrei. Ostiralean hasita, hiru egunean zehar izango dituzte kontzertuak, bisita gidatua, marianitada, ipuin kontalaria, erraldoiak, poesia musikatu emanaldiak eta beste gauza asko.
Iberdrolaren bisita berri honen harira, auzokideek gogoan izan dute 2017ko maiatzaren 18an argia moztera joan zirenekoa, eta nola orduan sortutako elkartasun uholdeari esker, "gertuko eta urrutiko lagunei esker instalazio elektriko autonomoa" sortzea lortu zuten. Ordutik Errekaleor auzoa "uharte energetikoa" izan da, argindar sistema propioarekin, haien eguzki plaka eta elektrizitatea banatzeko sistemarekin.
Egunerokotasunean autonomia mantendu ahal izan dutela nabarmendu dute. "Urte hauetan Errekaleor Auzo Askea espazio irekia izan da herritar eta kolektibo anitzentzat". Kanpo injerentziatzat hartu dute Iberdrola eta Industriako teknikarien bisita, eta erresistentzian bizitzeko dei egin dute.