Bizikletak doan konpontzeko hamabost gune daude Gasteizen

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 20a

Hiriko hamabost lekutan daude bizikletak konpontzeko guneak. Argazkia: Gasteizko Udala

Gizarte etxe eta kiroldegien kanpoaldean daude kokatuta, hiri osoan zehar. Gasteizko hiritar batek eskatutako proiektua da, 'Hobetuz' programaren baitan.

Gasteizko Udalak bizikletak doan konpontzeko hamabost geltoki finkoko sarea jarri du martxan, Vitoria-Gasteiz Hobetuz programaren 4. edizioan herritar batek egindako eskariari erantzunez. Salburuko gizarte etxean lehendik ere badago halako gune bat, eta "harrera ona" du, udaletik adierazi dutenez.

Orain hiri osora zabaldu dituzte halako guneak, eta bizikletei konponketa errazak eta mantenu lanak egiteko "beharrezko guztia" dutela azaldu du Miren Fernandez de Landa zinegotziak. Mota askotako giltzak dituzte, bihurkinak, desmuntagarriak, aliketak, pedaldun ponpa eta balbula anitzeko egokigailua, manometroa... Gainera, erabilerarako argibideak emateko QR kodeak dituzte guneek, euskaraz zein gaztelaniaz.

Fernandez de Landak hurrengo edizioan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, "proiektuak errealitate bihurtzen direlako eta udal zerbitzuak hobetzen laguntzen dutelako". Urte amaieran izango da Hobetuz programaren 5. edizioa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago