Frankistei eskainitako bost kaleri izena aldatuko zaie Gasteizen

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 16a

Ballester apezpikua erregimen frankistako beste agintari batzuekin 1940an. Argazkia: La Gafa de Oro

Ballester apezpikua, Vicente Abreu, Juan de la Cierva, Jose Lejarreta eta Carlos Saenz de Tejadak jada ez dute izango haien omenezko kalerik. Urte eta erdiko epea du udalak izena aldatzeko.

Gasteizko Udalbatzak gaur onartu du frankismoarekin lotutako bost gizoni beren omenezko kalea kentzea. Arabako Ateneo Errepublikarraren eskariz iritsi da mozioa udalera, eta EH Bildu, EAJ, PSE eta Elkarrekin taldeek bozkatu dute alde, PPk abstentziora jo du.

Carmelo Ballester Nieto, Jose Lejarreta, Vicente Abreu, Juan de la Cierva y Codorniu eta Carlos Saenz de Tejada dira kalea galduko duten pertsonak, eta diktadura frankistarekin lotura zuzena izan zuten denek, arlo militarrean, politikoan, erlijiosoan edo kulturalean. San Martin, Aranbizkarra eta Judimendin daude kokatuta kale hauek, eta gaur adostutakoaren arabera, urte eta erdi du udalak izena kentzeko. Frankista hauen ordez emakume izenak izango dituzte kaleek, "gizonezkoekiko berdintasunean espazio publikoan ikusgarritasuna" izan dezaten, nahiz eta oraindik ez dagoen zehaztuta nori eskainiko zaizkion kaleak.

Ateneo Errepublikarreko kideek adierazi dute "40 urte berandu" datorrela neurria, eta ez dela "koherentea diktadura gaitzestea eta kale izendegian mantentzea berau sortu eta sustatu zuten pertsonak". Berrezarpen etiko demokratikoaren parte da neurria, Ateneoko kideen ustez, eta Gasteizko Udalari zegokion hau egitea.

Kale izenez gain, ohorezko aitortza eta dominak kenduko zaizkie diktaduran agintari edo laguntzaile nabarmendu izandako pertsonei ere. 11 pertsona identifikatu dituzte egun oraindik ohorezko postuan daudenak udalaren zerrendetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago