Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak zuntz optikoa Erdi Aroko Hirigunera eramateko obrak lizitatzeko espedientea onartuko du gaur. Hala, kontratua "laster" egingo duela aurreratu du, udazkenean obrak hasteko helburuarekin.
Udalak dio obra horiekin 300 erabiltzaile inguruk konexioarekin dituzten arazoak "behin betiko" konponduko dituela. Gobernu taldearen eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioak 150.000 euro aurreikusten ditu helburu horretarako.
"Erdi Aroko hirigunea duela bi urte baino gehiagotik jasaten ari den itzalaldi digitalarekin amaitu" nahi dutela adierazi du Beatriz Artolazabal alkateordeak.
EH Bilduko zinegotzi Xabier Ruiz de Larramendiren esanetan, zuntz optikorik ez egotea "traba izaten ari zen, bai bertako bizilagunen bizitza garatzeko, bai inguruko jarduera ekonomikorako", eta modu horretan udalak bizilagunekin zuen "zorra" konponduko duela dio.