Trans kolektiboaren aurkako gorroto diskurtsoek gora egin dute Gasteizen

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 15a

Ana Lopez de Uralde zinegotziak eta Ikusguneko Amets Martinez de Hereditak aurkeztu dute txostena. Argazkia: ALEA

Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak txostena aurkeztu du, 2024an jasotako salaketei buruzkoa.

Gasteizen sexu orientazioaren eta genero identitatearen aurka izandako gertakariei buruzko VIII. txostena aurkeztu du Ikusgunek. 24 gertakari bildu dituzte 2024an, 22 Gasteizen eta Amurrion eta Trebiñun bana. Gorroto diskurtsoen gorakada nabarmendu du Amets Martinez de Heredita Ikusgune koordinatzaileak.

Agerraldiaren hasiera baliatu du Martinez de Hereditak, maiatzaren 15a palestinarren aurkako Nakbaren eguna izaki, Palestinako LGTBI+ kolektiboko pertsona guztiei babes osoa adierazteko eta Israelen genozidioa salatzeko, sarraskia hasi zenetik 77 urtera.

2024. urteko datuei begira, orokorrean Gasteiz hiri atsegina dela adierazi dute LGTBI+ kolektiboarentzat. Datu bilketa eta baliabideak daude, eta erreparazioan aurrerapausoak ematen saiatzen ari direla esan du Martinez de Hereditak. "LGTBI+ eskubideen hiria egiten ari gara". Hala ere, munduan zehar gorroto diskurtsoak eta bereziki transfobia zabaltzen ari direla ohartarazi du, eta horrek Gasteizen ere baduela islada.

Jasotako 24 gertakarietatik 11 homofobiarekin lotuak daude, zazpi transfobiarekin, eta badaude LGTBI+fobia, lesbofobia eta ez bitarren aurkakoak ere. Bederatzi gertakari dira gorroto diskurtsoekin lotuak, trans pertsonen aurkakoak batez ere, zazpi irainak, bost eraso fisiko eta hiru bazterkeria kasu. Espazio publikoan eman dira gehienak, zazpi, lau gertakari eman dira gau giroan ostalaritzan eta beste lau sare sozialetan. Txosten osoa Ikusguneren webgunean jarri dute, denen eskura.

Deialdiak ere iragarri ditu Martinez de Hereditak. Maiatzaren 17an mobilizazioa egingo dute 18:30ean Foru plazan, LGTBI+fobiaren aurkako egunean. Argazki masiboa egingo dute, hiriko eragile eta norbanakoen konpromisoa ikusarazteko. Bestalde, ekainaren 14an festa egingo dute Jimmy Jazz aretoan, kolektiboko kideek aisialdi eremuak partekatzeko beharretik abiatuta, eta bertan izango dira Alvina Stardust edo Divina Comedia ikuskizuna, esaterako.

Ana Lopez de Uralde Berdintasun zinegotziak aurkeztu du txostena Ikusgunerekin batera, eta eskerrak eman dizkio Lumagorri elkarteari LGBTI+ pertsonen eskubideak defendatzeagatik, eta Gasteizko Udalaren izenean arbuiatu ditu gorroto eta bazterkeria kasuak. LGTBI+fobia pairatzen edo ikusten dutenei dei egin die Ikusgunerekin harremanetan jarri eta salatzeko. "Beharrezkoa da indarkeria ezagutzea aurre egin ahal izateko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago