Euskararen auzia lantzeko molde batzuk agortuta daudelakoan, berrien beharra aldarrikatu dute Paul Beitia eta Iñaki Iurrebasok. Arazoak seinalatu eta irtenbideak ikusarazten saiatzen aritu dira hitzaldian.
Azken hamarkadetan asko entzun izan da euskara gaitasunean indartsu gabiltzala, baina erabileran ahul. Kontrako interpretazioa egiten du, baina, Iñaki Iurrebasok, azken hamarkadetako ikerketak bildu eta berrirakurketa eginda. Dagoen gaitasun mailarako erabilera datuak onak direla dio. Aldiz, gaitasunean gaudela ahul. Euskal Herrian hamarretik zazpi ez da gai euskaraz egiteko, eta noski, erabilera beti egongo da gaitasun mailaren azpitik. Euskaldunek haien artean soilik hitz egin dezakete euskaraz, eta euskaraz dakitenen artean, gainera, gehiagok egiten dute errazago erdaraz.
"Euskaraz errazago egingo duten hiztunak sortu behar dira"
Iñaki Iurrrebaso
Azken datu honek asko eragiten du, Iurrebasoren ustez, eraginkortasuna bilatu ohi delako komunikazioan. "Barregarriak izateko, iraintzeko, komunikatzeko... normala da bulkada hori izatea". Eta bulkada horrek erdarara bultzatzen du jendea. Euskaraz errazago aritzen direnek euskararako joera handia dute, baina hainbesteko erraztasuna ez dutenek ere egiten dute euskaraz, eroso zaiena baino gehiago, erakutsiz "gogo bizia dagoela hizkuntza mantentzeko".
Euskaraz erdaraz baino errazago egiten dute 210.000 lagun inguruk, biztanle guztien %8ak. Azken urteetan ahalegin handia egin da gizarteko sektore erdaldunak euskalduntzeko, eta hori oso garrantzitsua dela dio Iurrebasok, baina uste du esfortzu berezia jarri beharko litzatekeela euskaraz errazago egingo duten hiztunak sortzen.
Testuinguruaren garrantzia
Pertsona bakoitzaren hizkuntza bilakaera ere aztertu zuen Iurrebasok, hau da, zein den bakoitzak etxean jasotako hizkuntza eta gerora gehien erabiltzen duena. Zentzu horretan, "gure herrian handiagoa da erdalduntzea euskalduntzea baino". Etxean euskara jaso dutenetatik erdiak baino gehiagok galtzen du euskararen nagusitasuna, erdaraz egiten dute errazago.
Kontrakoa ere gertatzen da, etxean erdara jasota gerora euskaraz errazago aritzea, baina %2ari soilik gertatzen zaio, euskara jasotakoen %53aren aldean. Eskola, lagunartea, kalea, erdalduntzeko faktore izaten dira, eta jendeak “konturatzerako erosoago egiten du erdaraz”. Euskara gutxitua egoteak berezko ezaugarria du ahultzerako joera, nahi izanda ere zailagoa da euskarara gerturatzea, eta "testuinguruak izugarrizko eragina du hiztunengan".
Hego Euskal Herriko hiru biztanletik bi bizi dira euskararen erabilera %10etik beherakoa den udalerrietan. Kontrako muturrean badaude herri txiki batzuk, euskara nagusi dutenak eguneroko bizitzan, %80tik gora. Baina biztanleen %5 inguru soilik bizi da arnasgune horietan, eta hiru herrik soilik gainditzen dituzte 10.000 biztanleak, Azpeitia, Oñati eta Azkoitiak.
XX. mende hasierara arte Euskal Herriko eremu askotan euskara nagusi zen jendearen egunerokoan, nahiz eta botereguneek erdaraz egin. Aurreko mendean zehar eman zen arnasguneen "suntsipen prozesu ikaragarria", frankismoan batez ere. 1970etik mende bukaerara arte eutsi egin zitzaien euskara nagusi zuten eremuei, ez zen galdu, baina ez zen lurralderik irabazi. 2000. urteaz geroztik, baina, beherantz doaz berriz ere arnasguneak.
Iurrebasoren ustez, oraingo joerek jarraitzen badute bi hamarkadetan apenas ez da izango euskara nagusi den eremurik. "Garrantzitsua da arnasguneei eustea, eta horien euskalduntasuna indartzea. Beste herri asko daude, Tolosa, Zumaia, Gernika... duela gutxi arte euskara nagusi izan dutenak, eta funtsezko aurrerapausoa litzateke horiek berriz arnasgune bilakatzea".
Datu kezkagarriak azaltzeaz gain, gizartearen engaiamendua goraipatu zuen Iurrebasok. "Euskal gizarteak, eta erdaldunen zati batek, badu gogoa euskara mantentzeko, eta ahalegina egiten da". Hala ere, lehengo beroa epeldu dela dio, eta ziklo historikoekin bat datorrela uste du. Jaurlaritzaren lehen lan soziolinguistikoak ikusita, adibidez, "hizkuntzaren auzia ulertzeko modu erradikalagoa" zutela dio. Aldiz, azken hamarkadetan asko galdu omen da euskarak diskurtsoetan zuen zentralidadea. Bai EAJn, bai ezker abertzalean, eta baita hitzaldia antolatu duen Mugimendu Sozialistan ere.
Bere ustez, orain arte eutsi izan bazaio euskarari, subjektiboki nahi handia egon delako da, sekulako esfortzua egin delako. Hala ere, bulkada berri baten beharra ikusten du, minorizazioak berez dakarren beheranzko joera iraultzeko. Konpromisoa apaldua ikusten badu ere, esperantza du euskararen gaiak berriz hartuko duela bere tokia, “batez ere, bestela etorkizun iluna izango dugulako".
Etxeko lanak eman zizkien Iurrebasok publikoko gazteei. "Euskaraz errazago egiten duzuenek ez daukazue barkamenik ez egiteko beti euskaraz, serioak izan behar duzue, zuek zarete bermea euskara leku guztietara heltzeko. Erdaraz errazago egiten duzuenen kasuan, aukeratu behar duzue, zapalkuntzaren ondorio den egoerari men egin eta nagusiki erdaraz bizi, eroso; edo erabaki erresistentziara batzea, eta geroz eta toki gehiago eman euskarari zuen bizitzetan.
Euskalgintzaren bi molde
Paul Beitia eta Iurrebasok, biek aipatu dute agortu egin direla euskararen auzia lantzeko eta ulertzeko molde batzuk, eta berriak behar direla. Euskal Herrian 60ko hamarkadan hasitako borroka zikloari erreparatu dio Beitiak, nabarmenduz orduan lortu zela euskararen aldeko borroka lotzea borroka antifrankista eta antikapitalistarekin.
"Euskararen alde egitea zen mundu berriaren alde egitea". Eta euskararen aldeko jarrera hartu zuten Espainiako landa eremuetatik etorritako migratzaile askok ere, askorentzat Euskal Herrian integratzeko modua izan zen. Horrek frogatzen du, Beitiaren hitzetan, inmigrazioa ez dela izango euskara galtzearen kausa.
"Euskarak aurrera egin badu, grina iraultzaileari esker izan da"
Paul Beitia
Urte haietako modernizazio prozesuan bi eredu egon zirela argudiatu du Beitiak. Batetik, langile mugimendu erradikala, frankismoaren eta kapitalismoaren aurkakoa; eta trantsizio erreformista bestetik, Espainiako Estatuaren modernizazio kapitalista eskaintzen zuena. Euskararen aldeko borrokan ere antzeko. Euskalgintza erradikalak modu independentean planteatzen zituen euskararen erronkak, klandestinoki ere bai lehen urteetan; aldiz, trantsiziotik aurrera koofizialtasuna ezartzean, euskalgintza instituzionalak ere jarri zuen bere alea. Bi hauek, oinarri politiko ezberdinak izanda ere, "norabide partekatua zuten".
Bien arteko tentsioek gidatu zuten euskalgintza, Beitiaren ustez, XX. mendeko azken hamarkadetan. Herri mugimenduak bere tresnak sortu zituen, hedabide propioak, ikastolak, euskaltegiak... eta administrazioak homologo instituzionalak jarri zizkien horiei, D eredua, euskaltegi publikoak... Beitiaren esanetan, hala ere, instituzioetatik emandako pauso hauen helburua ez zen soilik euskarari laguntzea, mugimendu politikoa neutralizatzea ere bilatzen zuten.
"Euskarak aurrera egin bazuen 60-70eko urteetan, grina iraultzaileari esker izan zen". Hori izan da Beitiaren tesi nagusia. Euskararen alde egiteak oposizioko izaera hartu zuen, balore unibertsal borrokalari batzuekin lotu zen, gizarte hobe baten sorrerarekin. Instituzioen konkistak garrantzitsuak izan direla aitortu badu ere, argudiatu du euskararen biziraupenerako garrantzitsuagoa izan dela aipatutako borroka.
Euskaren aldeko jarrera ondo bizitzearen kontakizun bati lotua joan behar dela argudiatu du, baina ohartarazi kontakizun hori geroz eta jende gutxiagorentzako izango dela baliozkoa. "Integrazioaren krisiarekin dago lotua euskararen krisia". Euskararen aldeko borroka balore askatzaileekin lotu behar dela dio, ikuspegi iraultzaile batetik artikulatu, neutralizatzeko euskara integraziorako oztopoa dela dioten diskurtsoak, eta jendea euskarara batzeko.