Gasteizko teilatuetan eguzki plakak jarrita kontsumo elektrikoaren %38 lortuko litzateke

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 14a

Ekopol taldeko Alex Tro ikerlariak egin du neurketa berria. Argazkia: EHU

Gasteizko eraikinek duten gaitasun potentziala neurtu dute Ekopol ikerketa taldean. Hiriko zonalde periferikoak erdigunean baino potentzial handiagoa du.

Landa eremuko makroproiektu fotovoltaikoez hitz egitera ohituta, eremu urbanoari begira jarri da Alex Tro Ekopol taldeko ikerlaria. Gasteizko teilatuetan panel fotovoltaikoak jarriz gero lortu ahal izango zen elektrizitatea neurtu du bere azken ikerketan. Ondorioa: Hiriak urtean duen kontsumo elektrikoaren %38 ekoiztu daiteke teilatuetan.

Ikerlariak berak garatutako zehaztasun handiko metodologia baliatu du neurketa egiteko. Doako tresna berritzailea dela azaldu dute EHUtik, kode irekiko Informazio Geografikoko Sistemak erabiltzen dituena.

Gizakiok aurrez erabilitako eremuak aztertu nahi izan ditu Alex Trok. "Guk jakin nahi genuen dagoeneko humanizatuta dauden espazioetan teknologia horrek zer abantaila eta muga dituen. Horrela, hobeto baloratu ahal izateko beste xede batzuetarako erabil daitezkeen lurrak okupatzea ekidin daitekeen”.

Gasteizko teilatu guztiek ez dute balio eguzki energia sortzeko. Hiriko teilatu azaleraren erdia da energetikoki bideragarria panel fotovoltaikoetarako. Eremu hori erabat erabiliz gero, urteko elektrizitatearen herena baino gehiago lortu ahal izango litzatekeela ondorioztatu du, orain arteko estimazioak hobetuta.

“Gure metodologiak tokian tokiko faktore asko hartzen ditu kontuan kalkuluak egiteko eta, horri esker, errore gutxiago dauka. Zehaztasun handiko azterketak egiteko aukera ematen digu eta panel fotovoltaikoak jartzeko arbuiatu ohi diren teilatu-eremuak egokitzat kontsideratzen ditu. Adibidez, mendebalde/ekialdera begira dauden asko eguzki-energia lortzeko aproposak izan daitezke, gure neurketen arabera”.

Eta auzo eta zonalde guztiek ere ez dute berdin balio. Zonalde periferikoek potentzial handiagoa dutela ikusi dute egindako neurketetan. Izan ere, erdigunean eraikin gehiago pilatzen direnez, eta eraikin altuagoak gainera, zailagoa da eguzkiari etekina ateratzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago