Aretxabaleta herriaren eta Gasteizko udalerriaren arteko muga zehazten zuen harrizko mugarri bat aurkitu dute Batan ibaiaren inguruak lehengoratzeko egiten ari diren obretan. Uraren Euskal Agentziak berri eman duenez, harrizko elementu historikoa kontserbatuko da, oinezkoentzat egingo den pasaleku berrian ezartzeko.

Urak eta Gasteizko Udalak Batan ibaiaren eskuinaldean –iraganean artilea lantzeko fabrika zegoen lekuan– lehengoratze lanak egin dituzte, Salbaterrabide eta Zumabide kaleen artean. Obrak azken bi asteetan egin dira, eta 18.150 euroko aurrekontua izan dute.
Artilea lantzeko fabrika
Artilea lantzeko antzinako fabrikaren adreiluzko arkuak ere kontserbatu dira; arku horien gainean zeuden hormatxoak, ordea, eraitsi dira. Uraren Euskal Agentziak hormatxo horiek behera bota ditu eta inguruan zeuden hondakinak bildu ditu. Gasteizko Udalak, berriz, hondakindegia kudeatu du, eta inguruan sortu diren hiri hondakin solidoak garbitu ditu.
Azkenik, Urak lursaila egokitu du Udalak Batan ibaiaren parean oinezkoentzat pasaleku berri bat egiteko.