ELA sindikatuak eta Diario de Noticias de Alava egunkariko langileek salatu dute bertako langile eta egunkari horretako batzordeko kide batek jasan duen "jazarpena eta errepresalia". Egoera horren ondorioz, langileari baja eman diotela azaldu dute, gaur goizean, hedabidearen egoitzaren aurrean egin duten elkarretaratze batean.
Langileek azaldu dutenez, egoera hori Gasteizko udaleko batzorde batean agerraldia egin eta ordu gutxira bizi izan zen. "Egunkariko zuzendari nagusiak, zuzendari editorialarekin batera, ELAko ordezkariari presio guztiz gaitzesgarriak egin zizkion maiatzaren 6ko goizean. Ateak itxita egindako bilera izan bazen ere, lankideek azaldu dute oihuak eta forma txarrak nabariak zirela". Horren guztiaren ondorioz, langilea bajan dagoela azaldu dute bere lankideek.
Gaur goizean egindako elkarretaratzean, langileek Noticiaseko zuzendaritzari "neurri egokiak" har ditzala exijitu diote, "horrelako errepresalia eta jazarpen egoerarik gerta ez dadin"; eta halaber, zuzendari nagusia kargutik kentzeko eskatu diote, "bere jarrera larriagatik eta jazarpenagatik".