Gasteizko Mariturri Ikastolako Lehen Hezkuntzako 6.2. mailako ikasleek ospitaleetan dauden haurrentzako denbora pasen koaderno berezia sortu dute. Ekintza solidario hau Zure auzoa ere bada proiektuaren barruan dago, eta Batekin Arabako Boluntariotza eta Gizarte Partaidetzarako Agentziak bultzatu du, Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearekin elkarlanean.
Zabalgana auzoko elkartea ezagutu ostean, ikasleek koaderno bat diseinatu dute, minbizia duten haurrei jolas eta distrakzio uneak eskaintzeko, ospitaleetan edo eguneko zentroetan dauden bitartean. Koadernoaren edukiak, jolasak eta jarduerak, haurrek beraiek sortu dituzte, "sormen, enpatia eta ilusio handiz", proiektuaren sustatzaileek ezagutzera eman dutenez. Azala, berriz, Sartu Araba elkartearen Emakumea, talentua eta aukerak programako emakumeek apaindu dute, proiektuari ukitu komunitarioa emanez.
Koadernoaren kopia fisikoak Arabako Minbiziaren Aurkako Elkarteari eta Aspanafoari entregatuko dizkiete, tratamenduan dauden haurrentzat. Horrez gain, bertsio digital ireki bat ere eskuragarri dago, edozein haurrek erabili ahal izateko.
Gasteizko Udalaren Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuaren eta Vital Fundazioaren babesa duen proiektu hau Vitoria-Gasteiz Hiri Hezitzailea ekimenaren parte da, Hei Txiki Vital Programaren barruan. Ekintzak erakusten du nola susta daitezkeen haurtzarotik ekimen solidarioak, "enpatia, talde-lana eta gizarte-konpromisoa" ikasgelatik eta auzotik abiatuta.