Errota auzoko Bodega Andagoya 40 urtez eraman duten Pili Mendoza Lizaranzu (San Vicente de la Sonsierra, 1960) eta Pope Ruiz Martinez (San Vicente de la Sonsierra, 1961) ekainean erretiratzekoak dira. Askoren etxeko taberna izan denaren barratik auzokidetasunez jokatu, eta auzoaren eta gizartearen garapenak kalearekin harreman estuan bizi izan dituzte: migrazio-aldiak, giro eta kontsumo aldaketak... "1985ean, krisi handi baten ostean, bizibidea atera beharrean dauden bi neskato ero-eroan iristen dira hona, eta zerotik taberna bat irekitzea pentsatzen dute", laburbildu du Pilik abenturaren hasiera."Lanean nenbilen likore-dendako nagusiak gurasoen etxe ondoko Bodega Andagoya alokatzen zela esan zidan. Ez etxekoak, ez nire garaiko bikotea, ez ziren animatu nirekin batera hartzera, eta Arrasaten bere iloba zaintzen zebilen Pope deitu nuen. Etorri zen, eta hala hasi ginen".
Jaioterrian ezagutu zuten elkar aspaldiko lagun hauek. "San Vicente de la Sonsierrako errioxarrak gara", azaldu du Pilik. Popek 60eko hamarkadan herriko lagun andana bizimodua atera asmoz Gasteiz eta Arrasatera mugitu zela kontatu du. Esaterako, bere familiak Debagoienera jo zuen, eta, Pilirenak, berriz, Arabako hiriburura. Bere gurasoak Errotan bizi izan ziren apopilo gisa, sukalderako eskubidea zuen etxe batean. "Palentziarrak, sevillarrak, galegoak, ijito kuadrilla handi bat, errioxarrak, zamorarrak… Egun, auzoan gertatzen dabilenaren antzerakoa zen hura. Kolore, ñabardura eta erlijio anitzekin datozenekin, oraingoan. Gure gurasoek 'gosea kentzera etorri dira' gisakoak entzun zituzten".
1962an gurasoek auzoan irekitako San Vicente bodegan hazi, eta 75etik 81era bertan lanean ibili zela kontatu du Pilik. "Garai hartako langile mugimendua arnas zitekeen auzoan". Bizitza kultural gutxiko auzo grisa oroitzen duela dio Popek. Pilik, bestalde, Errotan antolatuta zeuden taldeak ekarri ditu gogora: "Antinuklearren mugimendua ordurako eratua zegoen, eta auzo elkartea ere bai".
Aldaketak
Hasieran, hamaiketakoa egitera zihoazen berrogeitaka urtekoez gain, gehienbat poteatzaile nagusiak zituztela bezero zehaztu du Pilik. Andagoyakoen funtzionatzeko moduek zeresana eman zuten auzoan. "Tortillerak ginela esaten zuten", dio Popek. Pilik hori aurrerago izan zela erantzun dio: "Nik ez dut orduan kokatzen. Beti pentsatu izan dut lesbianena datorrela, laurogeitamapikoan, giroko emakumeen elkargunea zen Parral ixtean, haietako asko hona jaisten hasi zirelako".
"Tabernetara joateko beharrik ez izaten hasi zen: Facebook,...". Pope Ruiz
Poteatzaileen greba ere pairatu zutela kontatu dute. Ardoaren prezioa luzaroan oso baxu mantendu ostean emandako igoerengatik kexu zen jendea. Orduan, igoerak babesteko auzoko tabernarien lehen asanblada bultzatu zutela, baina botata utzi zituztela azaldu du Pilik. Grebak iraun artean, poteatzaileek Andagoyara joateri utzi zioten, eta taberna gehienen erabakiari jarraiki, haiek ere prezioak jaitsi behar izan zituzten. Egoera mingarri haren kontrapuntua dakar Popek: "Fabore handia egin ziguten, honi buelta erdi eman behar zitzaiola ikusi genuelako".
Nahierako espazioa sortuz joan ziren, musika jarriz, esaterako. Lehen bira handia futbol talde baten egoitza bihurtzeaz bat heldu zela azpimarratu du Pilik. "Jende gazteagoa hurbiltzen hasi zen... Taberna ezberdina izan dugu, ikuspuntu sozialagokoa". 80eko hamarkada bukaerako giro herrikoi autonomoa haienean nabaria izan ote zen galderari baietz eta Gaztetxeko bezero asko izan dutela erantzuten dio. Inguruarekin izandako jarrera lagunkoia seinalatuta, pasioz jarraitu du Pilik: "Pertsonak lagundu ditugu. Batek ez-dakit-zer behar zuela, bestea nonbaitera lagundu behar zela, ez-dakit-zeinek ez zuela seniderik Gasteizen, eta giltzak tabernan uzten zituela —auzotarren giltzez betetako potea hustu dute barra gainean—... hainbat konturekin kolaboratu dugun gisan, maila humanoan".
Kontsumoei dagokienez ere, aldaketa handiak ikusi dituztela diote biek. Pilik heroina hartu du hizpide: "Euskal gizarteari kolpe ederra eman zion denok dakigunagatik. Jendea zanpatuta izateko modua zen". Ostean, galdera bat paratu du: "Zergatik erre genitzakeen porroak Gasteizko taberna-zulo guztietan eta Logroñon ez? Interesatzen zitzaielako". Dagoeneko bezeroen laugarren belaunaldiari zerbitzatzen dabiltzala aipatuta aurrera egin du Pilik: "Nola ez zen ba kontua aldatuko? Nire aitaren adinekoek egunean 15-20 ardo edaten zituzten…Porroen garaietan, aldiz, zenbat Granini eta txokolatezko palmera saldu ote dugun!". Bolada hartan, jende asko zebilela oroitu du. Futbolarenaren ostean tabernari beste buelta eman, eta antzerkiak, kontzertuak edo liburu aurkezpenak antolatzen hasi ziren. "Hemen antzeztu zuen lehena Belen Nevado izan zen".
“Atea atzerritarrez betea genuelako egon da sartu nahi ez zuenik". Pili Mendoza.
2010eko tabernetan erretzeko debekuak berriz berrasmatzeko beharra ekarri ziela oroitu du Pilik: "Puntua, gantxilloa, landareak, kremak, dantza.. egin behar izan genituen". Barrez hasi da, egindakoen zerrendak dibertiturik. Astindu gogorrena, ordea, 2007ko krisi ekonomikoak eragin zuela nabarmendu du. Popek, berriz, kolpe latzena tabakoarenarekin lotzeari eutsi dio: "Erretzeari utzi zitzaion eta akabo".
Popek beherakada ulertzeko beste osagai bat mahaigaineratu du: "Aisia aldatu zen. Lehen, Mariekin edo Joxe Mariekin egoteko tabernetara irten behar ginen. Gero, tabernetara ateratzeko beharrik ez izaten hasi zen: Instagram, Facebook…". Pilik hariari heldu dio: "Egun, gimnasiora, lanera edo hizkuntza bat ikastera doa jendea, etxeratu, eta makinatxoekin aritzen da". Poperen ustez, orain denak "fit" dira.
Auzoari buruz asko entzun da azkenaldian: segurtasun ezaren mamua, lonja okupatuak seinalatzeko mobilizazioak, etorkinen eta behartsuen kriminalizazioa... Horren arrazoia zein izan daitekeen galdetuta, Pilik auzoa "degradatu" nahi dutela erantzun du, eta Popek espekulazioa dakusa helburu horren zio: "Auzoa Alde Zaharretik 150 metrora dagoelako". Lonja okupatuen auzian ere argi du: "Kontua ez da poliziala, 30-50 gizarte hezitzaile lonjetara bidaltzea baizik". Pilik ere bere proposamena ondu du: "Gizarte sanoa izan behar da giza baliabideetan, eskoletan, osasungintzan… Pertsona denentzako lekua duena". Zurrumurruek min handia egin dutela iritzi du. "Gure burua datozenen azalean ikusi al dugu inoiz? Inork ez du lapurtu edo trapitxeatu kanpokoak iritsi arte?". Kanpainak kanpaina, egunerokoan auzokideek dituzten beharrak aipatu ditu Pilik: "anbulategia, eskola...".
Kaleko errealitateaz solasean, tabernak orotariko gizartearen isla direla seinalatu du Pilik. "Hemen, ikus ditzakezu 93 urteko Elvira bere 64 urteko ilobarekin, lonjako mutikoak, sexu aukera anitzeko neskatila bikotea... Ba al dago espazio irekiak konpartitzea baino ederragorik?". Jarrera horrek ondorioak ere izan dituela nabarmendu du: "Atea atzerritarrez betea genuelako sartu nahi ez zuenik egon da, 'oso ezkertiarrak' direnak ere". Berrogei urtek hainbat gairen inguruko azterketa soziologikoa egiteko ematen dutela adierazi du.
Amaiera hurbila
Agurraren atarian, jendearen estimua sentitzen duela dio Pilik. Andagoyako parrokiarren izen-abizenak ere ezagutzen dituela gehitu du Popek. Serioago berrekin dio Pilik: "Arduratuta nago, taberna ez delako saltzen". Fasea bukatutzat eman eta ardurak gainetik kentzea nahiago luke. "Ez nuen pentsatzen taberna hau saltzea kostako zitzaigunik. Alokairuan jartzeko puntuan gaude". Popek, ordea, espero zuen: "Funtzionario edo Michelineko langile izan nahi du jendeak". Pilik Koroatze kaletik behera giroa jaisten dela onartu du, eta gaueko saltsa gehiago zuen auzoa gogoan badu ere, gaur egungo Errota auzo bizitzat dauka. "Jendea auzoan gora eta behera dabilela ikus daiteke, eta horrek askori beldurra ematen dio. Ni gustura nabil, nire auzoa gustuko dut. Auzo anitzak maite ditut".
Etorkizunari begira, urteotan inguruan izandako pertsonak faltan botako dituela aitortu du Pilik. Popek, berriz, jositako harreman onekin harro doala adierazi, eta EHUko 3. adineko ikasgelan izena emana duela kontatu du. Mezu positibo batez amaitu du Pilik: "Bizitzak ilea nahasi diezagula. Bizitza da zerbezak hartzea, barre eta negar egitea, militatzea ala ez, seme-alabarik izatea ala ez, ligatzea, eztabaidatzea… Eta halakoak tabernetan gertatzen dira!". Kariñoz agurtu ditu urteotako bidaideak: "Lagun oso jator eta xalauak igaro dira hemendik eta oso ondo pasa dugu. Eskerrik asko: egon zaretelako egon gara!".