ARGAZKI GALERIA

Gasteizko lorezainak udalarekin bildu dira lehen aldiz

Erredakzioa 2025ko mai. 7a, 09:33

Gasteizko Udalak esan du enpresa negoziatzera deitzen ari dela. Sindikatuek eskatu diote Gasteizko langileak defendatu ditzala Enviserren jabea den AEBetako inbertsio funtsaren aurrean.

Gaur arratsaldean bildu dira, greba hasi zenetik lehen aldiz, Gasteizko Udala eta lorezainen ordezkariak. Udaletik esan dute enpresarekin harremanetan daudela, eta eskatu diotela negoziatzeko. Ostegun eguerdian dira mahaian esertzekoak langileak eta Enviser enpresa, udalak azpikontratatutako lorezaintza zerbitzua.

“Tonu onean” joan da udalarekin bilera sindikatuen esanetan, eta eskertu diote lehenengoz bildu izana haiekin. Baina albotik begira egotea leporatu diote Gasteizko Udalari, zerikusirik ez balu bezala egitea, “bere ardura denean azpikontratazioaren bidez sortu duen egoera hau”. Udalak urte askotako harremana du AEBetako inbertsio funts baten menpekoa den enpresa honekin, eta enpresari Gasteiz “bost axola zaiola” salatu dute langileek.

Enpresari negoziatzeko eskatzea ez da nahikoa ESKko ordezkariaren esanetan. Konponbidea bilatzeko pauso gehiago eskatu dizkiote. “Erabaki dezala, estatubatuar multimilionario bat defendatu edo Gasteizko langileen baldintzak defendatzea”. Martxoaren 26an hasi zuten hitzarmen propioa eskatzeko greba mugagabea, ELA, ESK eta LAB sindikatuek deituta, duela 42 egun. Gehiago luzatzekotan, Mendizorrotza eta Gamarrako parkeetan eragina izan dezake lanuzteak.

Argazki galeria: Jon Flores

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago