Jazz Vital musika jaialdiaren bederatzigarren edizioa prest dute jada Vital Fundazioan. Maiatzazren 15ean hasi eta ekainaren 5ean amaituko da, lau kontzerturekin. Musikaz egindako bidaia "liluragarria" proposatu dute antolatzaileek. XX. mende erdialdeko Paris Boemiotik hasi, Edith Piaffen doinuekin, eta jazzaren proposamen gaurkotu eta berritzaileenetara.
Generoaren aniztasuna, bilakaera eta bizitasuna ospatu nahi dituzte aurten, jazza beti mugimenduan dagoela erakusteko. Lau kontzertuak Vital Fundazioa Kulturunean izango dira, Gasteizen, 19:30etan hasita, eta 4 euroko salneurria izango dute. Gaurtik aurrera erosi daitezke sarrerak jada, goizez Kordoi Etxean edo Vital Fundazioaren webgunean.
Lau ostegun, lau kontzertu
Maiatzaren 15ean oroituko dute Edith Piaff, XX. mendeko abeslari frantzes nabarmenetakoa. Bere ibilbideko kanta ezagunak abestuko ditu esperientzia handiko musikari laukoteak, "xumetasunean dago edertasuna" esaldia lelo gisa hartuta.
Maiatzaren 22an berriz FEMMM Vocal Jazz proiektuaren emanaldia izango da, "etengabeko eboluzioan" dagoen proiektua; "soinu akuatiko" gisa definitu dutena entzuteko aukera. Jazz eta pop generoen arteko fusiotik abiatuta, berdintasuna eta inklusioaren aldeko tresna gisa erabiltzen dute musika, emakume gehiagoren inspirazio izan nahian.
Agustin Chaves laukoteak emango du maiatzaren 29ko kontzertua, jazz modernoa fusionatuz hegoamerika eta Argentinako folklorearekin. Chavesen jaioterriko musika herrikoiari omenaldia egingo diote, soinu-ortzimuga berriak bilatuz beti.
Zikloa amaitzeko, ekainaren 5ean Syrup Hop taldearen ikuskizuna izango da. Musika afroamerikarraren eragina hartuta, soul, R&B, funk edo hip hop doinuekin nahastuko dituzte, estilo hauek sortzen dizkieten "sentimendu eta pasioak" helarazteko saiakeran.