Gasteizko Udaltzaingoak 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuen igandean arratsaldean, bikotekideari erasotzeagatik eta lesioak eragitea egotzita. Poliziaren arabera, 19:30ak inguru izan zuten erasoaren berri. El Anglo auzoan zegoen patruila bati ohartarazi zioten bizilagun batzuek etxe batean oihuak entzuten zirela.
Udaltzainak salatutako etxebizitzara joan ziren, eta hara iritsitakoan ikusi zuten gizon bat eta hiru emakume zeudela bertan. Banan-banan elkarrizketatu ziren guztiekin gertatutakoa argitzeko. Azaldu zutenez, eztabaida gogorra izan zen familian, eta gizonak eraso egin zion emazteari, ahoan lesioak eginez. Hori eta bertaratutakoen adierazpenak ikusita, ustezko erasotzailea atxilotu zuten.
Udalaren kontzentrazioa
Bestetik, Gasteizko Udaleko eta Arabako Batzar Nagusietako ordezkari politikoek elkarretaratzea egin dute goizean, iragan maiatzaren 3an jazo zen sexu erasoa salatzeko. Bost minutuko isilunea egin dute Plaza Berrian.
Gasteizko Udalak "gaitzespen eta arbuiorik irmoena" adierazi du. Halaber, laguntza eta hurbiltasuna eskaini dizkie hala biktimari, nola biktimaren inguruari, eta haren eskura jarri ditu behar dituen baliabide psikologiko, juridiko eta sanitario guztiak nahiz babes eta harrera baliabideak.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.