Umorea, poesia eta ekintzaz betetako road moviearekin bueltatuko da Gasteizko Udaleko udaberriko antzerki programazioa. Dejabu konpainiaren Itzulera lana taularatuko dute maiatzaren 7an, asteazkenean, Hegoalde gizarte etxean. Hitzordua 19:30ean izango da.
Obrak konpainiako hiru kidek 2024an Mexikora egindako bidaia kontatzen du: Ainara Gurrutxagak, Miren Alcalak eta Urko Redondok. Sormen krisi betean, dokumental bat grabatzera joan ziren Etxepare Euskal Institutuaren diru laguntza bati esker, eta ustekabeko gertakari batek erabat aldatu zuen bidaiaren norabidea.
Gainera, David Aguilar zinemagilea egongo da eszenatokian, zuzeneko irudiak sortzen eta egiten. Komedia existentzial honetan ez dira faltako abentura, paisaia psikodelikoak eta bizitza salbatuko dien txakur chihuahua bat. Horrekin guztiarekin, zuzenean sortutako elementu asko izango dituenez eszenatoki batera igotzen diren bakoitzean bakarra eta errepikaezina izango den emanaldia sortzen dute.