Artium museoak agur esango dio Nestor Basterretxearen mendeurrenari

Erredakzioa 2025ko mai. 5a, 12:32

Iaz bete ziren 100 urte Nestor Basterretxea jaio zela. Argazkia: Artium

Artistarekin izandako elkarrizketa batean oinarritutako performance batekin emango diote amaiera bihar, maiatzak 6, Josune Velez de Mendizabalen eskutik.

2024ko urtarrilean aurkeztu zuten Nestor Basterretxea (1924-2014) jaio zeneko mendeurrena ospatzeko antolatutako egitaraua, eta hilabetez hilabete erakusketak, hitzaldiak, ikastaroak, kontzertuak eta beste ekimen asko burutu dituzte bere omenez. Orain, mendeurrenari amaiera emateko, Josune Velez de Mendizabal aktoreak lan performatibo bat eskainiko du Artiumen.

Bihar izango da Munstro baten etxean solasean ikuskizuna, maiatzaren 6an, 19:00etan, euskaraz, eta doakoa izango da sarrera A4 aretoan, leku kopurua mugatua bada ere. Lanaren oinarrian Velez de Mendizabalek Basterretxeari egindako elkarrizketa bat dago, 2008an Hondarribian egin ziona.

Velez de Mendizabalen hitzetan Basterretxea "munstro" bat zen,"eskuekin ideiak eta ametsak (bereak eta unibertsalak) gorpuzteko gai zen munstro handi bat. Bizar zuri hori, ahots sakon hori… Etxeko ateak ireki zizkidanetik, ezin izan nion utzi zezelka mintzatzeari. Alferrikakoak izan ziren profesional itxura emateko egin nituen ahalegin guztiak. Elkarrizketa hura paperean argitaratu zenean, egokia, txukuna, zuzena izan zen tonua. Zintan jasotako grabazioa, ordea, beste giro baten lekuko da: isiluneak, nerbioak, amaitu gabeko galderak…"

Mendeurrenean Basterretxeak utzitako ondarearen "zabaltasuna eta sakontasuna" azpimarratu dituzte, bere konpromiso sozialarekin batera. Basterretxearen lanek Euskal Herriko iruditegi kolektiboan utzitako arrastoa erakutsi dute azken urte osoan zehar.

Webgune bat ere kudeatu du museoak denbora honetan, basterretxea100.artium.eus gunea, eta bertan aukera dago Basterretxearen dokumentu funtsa online kontsultatzeko, eta artistaren inguruko hainbat material ere bildu dituzte bertan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago