Azken agurra eman diote Kike Loiolari

Erredakzioa 2025ko mai. 4a, 10:06

Umore bakarrizketekin aritu izan da azken urteotan. Irudia: KOMEDIALDIA

Umoregilea, bikoizketa aktorea eta gidoilaria, Segundo Banana taldearekin egin zen ezagun gasteiztarra.

Ostiralean zendu da Kike Loiola, 61 urterekin, eta larunbatean eman diote azken agurra artista gasteiztarrari San Bizente elizan. Umoregilea, bikoizketa aktorea, gitarra jolea, irrati esataria, gidoilaria eta beste hamaika saltsatan ibilitakoa, kultur arloko hainbat lagunek gogoratu dute Loiolak utzitako hutsunea.

Segundo Banana musika taldearekin egin zen ezagun, 1980ko hamarkada erdialdean, besteak beste, Todo va bien kantuarekin, eta geroztik ibilbide oparoa egin du kulturan. "Agur Kike Loiola, eskerrik asko zure lanagatik! Goian bego!", idatzi du Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko kultura zinegotziak. Egindako ibilbidea ere nabarmendu du Enrique Ruiz de Gordoa kultur teknikari ohiak. "Kike Loiola nire tokaioak utzi gaitu bidaia eterno horrengatik. Kultur sortzailea zuzeneko ikuskizunen esparruan, egiten zuen dena ondo egiten zuen".

Umorearekin hamaika eszenatokitan ibili zen azken urteetan. Besteak beste, ETBko Más humor saioan bakarrizketekin edo Komedialdia jaialdian ere izan zen haren ikuskizunekin. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago