Askotariko aldarrikapenak eraman dituzte sindikatuek Maiatzaren Lehenaren bueltan Arabako hiriburuan antolatu dituzten manifestazioetan.
LAB sindikatuak manifestazio propioak egin ditu Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Tuteran; iaz bezala, Baionako manifestazio intersindikalean ere bloke propioa izan du. Gasteizen, Bilbo plazatik atera da martxa, 12:00etan, Patronala, esplotatzailea! Langileen alde, hemen gutxieneko soldatak eta pentsioak erabaki lelopean. Nazioarteko testuinguruan kokatu du sindikatuak mobilizazioa. "Testuinguru honetan, are eta garrantzitsuagoa da Euskal Herriak ahalik eta burujabetza handiena izatea, bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomikoa eraikitzeko”, esan dute.
Bestalde, CCOO eta UGT elkarrekin mobilizatu dira maiatzaren 1ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Konkistatutakoa babestu, etorkizuna irabazi lelopean. Andre Maria Zuriaren plazatik atera da manifestazioa, 12:00etan. CCOOk azpimarratu du elkarrizketa soziala indartzen jarraitu behar dela soldatak hobetzeko, etxebizitza lortzeko aukera bermatzeko, genero berdintasunean aurrera egiteko eta astean gehienez 37,5 orduko lanaldia arautzeko.
ESK, Steilas, CGT eta CNT sindikatuek, berriz, deialdi bateratua egin dute Gasteizen. Europa Biltzar Etxetik atera da manifestazioa, Industria militarra ez da alternatiba izan da lelo nagusia. Sindikatuek adierazi dutenez, "eskalada belizistak eskrupulurik gabeko kapitalismoaren interesei bakarrik erantzuten die, gerran eta heriotzan negozio aukera bat ikusten baitu". Horren aurrean, "bidezko trantsizio ekosoziala, zaintza sistema publikoa, kalitatezko zerbitzu publikoak, eta gutxieneko diru sarrera duina" aldarrikatu dituzte.
ELA sindikatuak Gutxieneko Soldata hemen erabaki lelopean egin du aurten Langilearen Eguna. Ez du manifestaziorik egin Gasteizen eta bere ekitaldi nagusia Bilbon antolatu du.
Argazkiak eta bideoa: PHOT.OK eta Estitxu Ugarte