Datorren ostegunean, maiatzak 8, Gasteizko dozenaka ostalari bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren inguruan sentsibilizatzeko eragile bilakatuko dira. Izan ere, bidezko merkataritzako kafea eskaini eta informazioa zabaltzen arituko dira 38 establezimendu hiri osoan zehar, kontsumo etikoaren garrantzia azpimarratuz.
Maiatzaren 10ean ospatzen da Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna, “Bidezko Merkataritzako produktu bat dago eguneko momentu bakoitzerako” lelopean. Ospakizun horren harira antolatu du 8ko ekimena Zentzuz sareak, Gasteizko Udala, Intermon Oxfam eta Serso San Viatorren laguntzaz. Ana Lopez de Uralde Garapenerako Lankidetza zinegotziaren esanetan "prezio justuagoak, lan baldintza duinak, genero berdintasuna eta ingurumenarekiko errespetua" bermatuz prestatu ahal izango dute kafea gerturatzen direnek.
Nikaraguako nekazari kooperatibetako Arabica kafea emango diete parte hartzen duten ostalariei, eta baita informazioa ere, merkataritza mota honen onurak zabaldu ditzaten. Gizarte etxeetako kafetegiak eta Bizan sarekoak ere izango dira parte hartzaileen artean. Kafea probatzen dutenek zozketa batean parte hartu ahal izango dute, urte osorako kafe sorta irabazteko aukerarekin.
Arabako Lautadako ostalariek antzeko ekimena egingo dute kuadrillan, maiatzaren 15ean.