Errotza Zaharra auzo elkarteko kideek herri lasterketa antolatu dute auzoko jaien atarian, maiatzaren 25ean. 7.5 kilometroko ibilbideak Errota eta Alde Zaharra zeharkatuko ditu, Aldabe kaletik abiatuta, 11:30ean.
Errota "auzo ludikoa eta kultur anitzekoa" dela ikusaraztea du helburu lasterketak. Gainera, Roberto Ruiz auzokidea omentzeko ere baliatuko dute, bere kirol ibilbidea eta gizarte mugimenduei egindako ekarpena eskertzeko.
Parte hartzeko Kirolak edo Gaikarren eman behar da izena, edo kirolprobak.com webgunean. Aurrez 10 euro ordaindu behar dira, edo 15 egunean bertan. Partaideek Gasteiz Hiria lasterketako kamiseta tekniko bana jasoko dute, eta zozketa ugaritan parte hartzeko aukera izango dute, afariak, janari-sortak... Aldabe gizarte etxeak doako dutxak eskainiko dizkie parte hartzaileei.
Haurrentzako ere, lasterketa
Aurreko egunean, maiatzaren 24an, larunbatez, Errota Anitza 25 eskola lasterketa herrikoia antolatu dute. Leku beretik eta ordu berean, 2 eta 14 urte arteko ikasleentzat, adinaren arabera distantziak egokituta. Hiriko eskoletan eman behar dute izena parte hartzaileek, eta opari bat jasoko dute, zozketa batzuetan parte hartzeaz gain. Buruhandiak eta gargantua ere izango dira Kutxa kalean, 12:30etik aurrera.