Gasteizko Elkarrekin udal taldeak salatu du hondakinen kudeaketarako kontratu berrian Etxebarriaren gobernuak publizitatea jartzea ahalbidetuko duela garbiketa zerbitzuko kamioietan. Gainera, kontratu berrian orain artekoan baino hamar milioi euro gehiago emango zaizkio enpresari.
PSEri leporatu diote azken urteetan pasa izana "%100eko kudeaketa publikoa defendatzetik etekin handiena babestera hondakinen enpresa handientzako". Enpresari ematen zaion diru kopurua handitzeaz gain publizitatea jartzeko baimena ematea gaitzetsi du Elkarrekinek, eta susmoa azaldu dute udalak ez duela "publizitate horretatik euro bat ere ikusiko".
Publizitatearen kudeaketa azpikontratatutako enpresak egingo du zuzenean. Kamioiaren albo batean jarri ahal izango dira iragarkiak, eta publizitatearen edukiarentzako muga bakarra da ez dadila joko aretoekin edo apustuekin lotua egon. Hondakinak jasotzen dituzten kamioietan eta edukiontziak garbitzen dituzten ibilgailuetan egongo da aukera publizitatea jartzeko.