Eguzki plakak eta nekazaritza lursail berean bateratuko dituzte Arkautin

Erredakzioa 2025eko apirilaren 24a

Gaur inauguratu dute instalazio fotovoltaikoa Arkautin. Argazkia: Irekia

Neiker institutuan aztertuko dute bateragarria ote den panel fotovoltaikoen energia ekoizpena eta letxuga eta patatak landatzea.

Espainiar Estatuko azpiegitura agrovoltaiko handiena inauguratu dute gaur Arkautiko Neiker institutuan, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundean. Lursail berean jarriko dituzte, batetik, letxugak eta patatak, eta gainean panel fotovoltaikoak. Proiektu "esperimental eta berritzailea" da, energia ekoizpena eta nekazaritza bateragarriak ote diren aztertzeko.

4.000 metro koadrotan banatuta 212 modulu fotovoltaiko jarri dituzte, eta horien azpiko baratzearen egokitzapena eta jasangarritasuna ebaluatuko dituzte. 163.914 kWh sortuko dituzte aipatutako plakek, 50 etxebizitzen batez-besteko kontsumoa, eta Arkautiko campuseko autokontsumorako erabiliko dute.

Eguzki plaken alboan 4.000 metro karratuko beste lursail bat landuko dute, nekazaritza erabilerarako soilik, plakarik gabe, kontrol eremu gisa, bien errendimenduaren arteko aldea zehatzago neurtu ahal izateko. Proiektuak trantsizio energetikoan aurrera egiteko balioko duela nabarmendu du Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen eta Nekazaritza sailburuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago