55 urteko gizon bat hil da bart gauean Gasteizen, goi tentsioko dorre batetik erorita. Ezbeharra 23:00etan izan da, Asparrena kalean, Goikolarra auzoko enpresa baten barruan. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bertaratutako ertzainek egiaztatu zuten enpresaren hesia bortxatuta zegoela eta barruan bi gizon zeudela. Horietako bat lurrean etzanda zegoen, dorre elektriko baten ondoan.
Dorre horretatik erori zen, zazpi bat metroko altueratik, metala mozten ari zela deskarga bat jaso ondoren. Larrialdietako zerbitzuak, Gasteizko suhiltzaileak zein osasun langileak, zauritua suspertzen saiatu ziren, baina azkenean hil egin zen, lesioen larritasunagatik.
Gertatukoak argitzeko, Ertzaintzak ikerketa abiatu du. Hildakoarekin zihoan pertsona, haren senide bat, ez dago atxilotuta, gertakari honen ingurukoak zehaztu arte.