Gaur goizean elkarretaratzea zegoen deituta Hedegile kalean, Gasteizen, etxegabetze bat gelditzen saiatzeko. Azkenerako ez da behar izan, epaitegiak behin-behinean bertan behera utzi duelako etxegabetzea, eta etxebizitzan jarraituko du oraingoz kaleratze arriskuan zegoen familia zaurgarriak.
XXI Zabalgunea udal hirigintza elkartearen jabetzakoa da etxea, eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak duela hilabete jakinarazi zuen etxegabetze agindua heldu zitzaiola adin txikiko haurrak dituen familiari. Etxegabetze data apirilaren 23rako zegoen ezarria, baina gelditu egin da oraingoz. Hala ere, sindikatutik ohartarazi dute aukera dagoela etxegabetze data berri bat jasotzeko. XXI Zabalgunearen jabetzako etxeetan bizi diren beste bi familia ere etxegabetze arriskuan daudela jakinarazi zuten Etxebizitza Sindikatutik.
Etxegabetzeen moratoria
Duela hilabete inguru sindikatuko kideek moratoria eskaera egin zuten epaitegian, etxegabetzea gelditzeko eskatuz. Espainiako etxegabetzeen moratoria legean jasota dago egoera zaurgarrian dauden familien kasuetan kaleratzeak gelditu egin behar direla, zenbait baldintza betez gero. Are gehiago, XXI Zabalgunea bezala jabe handiak diren kasuetan.
Etxebizitza Sindikatuko kideek moratoria eskaera egin eta egun gutxira Gasteizko Udalak helegitea jarri zuen, esanez moratoria ez zela aplikatu behar etxebizitza hori erabilera soziala izatera bideratuko zutelako. Moratoria legeak dio etxebizitza sozialak diren kasuetan ez dela zertan moratoria ezarri, etxebizitza hori jadanik esleitua bazaio egoera zaurgarrian dagoen familiaren bati.
Sindikatutik argudiatu dute, udalak asmo soziala azaldu badu ere, etorkizunerako proiektua besterik ez dela, eta lehentasuna duela etxebizitza egun erabiltzen ari den familia zaurgarriak. Moratoria eman edo ez ebatzi bitartean, bertan behera gelditu da etxegabetzea.
Udalaren "hipokresia"
Udalaren "jarrera hipokrita" salatu du sindikatu sozialistak, "biztanle zaurgarrienei buruzko kezka irudia eman arren, udalak ez baitzuen zalantzarik izan adingabeak dituzten eta baliabide gutxikoak diren hiru familia kalean uzteko" erabakia hartzean. Hiru familia hauek Etxebizitza Sindikatuan antolatuta daude, eta haien etxebizitzen alde borrokan jarraituko dutela iragarri dute.
"Hemen ere etxegabetzeen aurka. Udalak Alde Zaharrean etxegabetzen du" lemapean, Alde Zaharreko hainbat denda, taberna, jatetxe eta kolektibo politiko eta sozial etxegabetzearen aurka agertu dira, eta babesa azaldu diote etxegabetze arriskuan zegoen familiari.