Liburuen Egunarekin bat eginez, apirilaren 23an, Artium museoak jendaurreko irakurraldia antolatu du beste urte batez. Edizio honetan, museoko haurrentzako liburuen bilduman jarriko dute arreta, eta azken ordu tartea, 12:00etatik 13:00etara gordeko dute haurrek programan parte har dezaten.
Musotik azaldu dutenez, artearen eta kulturaren arloko profesionalak gonbidatzeaz gain, jarduera honek irakurketaren esperientzia partekatu nahi duten pertsona guztientzako topagune izan nahi du. Gainera, iaz prestatu zuten lehenengo aldiz haurrentzako kontsultarako gune berezi bat, erakusketa aretoen sarreraren ondoan, arteari eta ilustrazioari buruzko argitalpenekin, bisitan datozen gazteenei zuzenduak, eta horixe izango da bihar irakurraldien eszenatokia. "Kontsulta eremu honek etengabe hazten ari den funts bibliografiko bat eskaintzen du, haurrentzako egokitutako arte klasikoetatik hasi eta artisten biografia liburuetaraino, bai eta arte-adierazpenaren didaktikari eta arte plastikoetako hezkuntzari eskainitako argitalpenak ere".
Nahi duenak bere liburua eraman dezake, edo museoko bildumako bat hartu. Ekitaldia 10:00etan hasi eta 13:00ak arte luzatuko da, eta, aipatu bezala, programaren azken ordua haurren irakurketari eskainiko diote. Programa honetan parte hartzeko, beharrezkoa da biblioteca@artium.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaltzea, harremanetarako telefono bat eta irakurketetan parte hartzeko aukeratutako ordua adieraziz.