Beatriz Artolazabal Espazio Publiko eta Auzoetako zinegotziak gaur iragarri du Judimendiko parkea osorik berritzeko lanen esleipena. Viveros Eskalmendi SL enpresari eman diote, 228.000 euroren truke hainbat berrikuntza egingo dizkiote parkeari.
Bizilagunen eskaerei zuzenean erantzuten die proiektu honek, Artolazabalen esanetan, eta "espazio hori irisgarriagoa, inklusiboagoa eta auzoaren egungo beharretara egokituagoa" bihurtzeko aukera emango du.
Lau hilabetez iraungo dute lanek, eta "jolas eremuak sakon berritzea" eta txakur parke berri bat sortzea aurreikusi dute. "Agility" motako txakur espazioa izango da, entrenamendu zirkuitu hesitua, eta barruan hainbat elementu izango dira txakurrek erabiltzeko, pasabideak, oztopoak, plataformak, slaloma, tunela eta tranpolina.
Haurrentzako guneak ere berrituko dira, bi eremutan. Hegoaldeko muturrean dagoen parkea "jolas naturalizatu berriekin eta diseinu inklusiboagoarekin" handituko da, karrusel motako zabu batekin eta beste hainbat elementurekin, tirolina bat barne. Bestalde, parkeko kafetegiaren ondoan txikienentzat bereziki pentsatutako bi jolas berri jarriko dira.