Bi urte daramate ikerlariek prospekzio lanak egiten Olarizuko parkean, eremu horretako saguzar espezieak hobeto ezagutzeko, eta ekosistemaren kontserbazioan laguntzeko. Ateratako ondorioen arabera hamabi espezie daude parkean, eta bertan nagusi gau-saguzar txikia, saguzar arrunta, saguzar mediterranearra eta Kuhl pipistreloa.
Azken hiruak giza kokalekuetara bereziki egokituta dauden espezieak omen dira, Pascual Borja Eraztun Berdeko eta Biodibertsitateko zinegotziaren esanetan, eta ohikoa da halako parke batean topatzea. Hala ere jarduera handia omen dute espezieok, bereziki saguzar arruntak, eta horrek erakusten du "ehiza intentsiboko eremua" dela. Gau-saguzar txikia ez da ugaria ingurune honetan, eta nabarmendu dute espezie honen dentsitate handia dagoela Olarizun.
EAEn dauden espezieen erdia topa daiteke Olarizuko parkean, baina horietako batzuk mehatxatuta daudela ohartarazi dute. "Zeregin garrantzitsua" dute saguzarrek ekosistemaren orekari dagokionez. Intsektuak eta beste ornogabe batzuk jaten dituzte nagusiki, beren pisuaren herena eta erdia artean egunero, eta horregatik katebegi garrantzitsua dira harrapakinen populazioaren kontrol biologikoan.
Ikertzeko zailak
Gaueko espezie hegalari izateak eta babesleku ezkutuak erabiltzeak zaildu egiten du saguzarrak ikertzea. Metodologia espezifikoen beharra azpimarratu du Luis Lobo teknikariak. Ultrasoinuak grabatzeko teknologia baliatzen dute ikerlariek trabarik egin gabe identifikatzeko eremu jakin batean dauden espezieak. Grabazio hauetan jarduera global "oso handia eta askotarikoa" antzeman dute, grabazio ordu bakoitzeko 82,4 hegaldi identifikatu dituzte.