Gainezka egin du Forondako aparkalekuak

Erredakzioa 2025eko apirilaren 21a

600 plaza dituen aparkalekua txiki geratu da egunotan. Argazkia: ALEA

Gaizki aparkatuta utzi behar izan dute autoa askok Aste Santuko egunetan. Aireportura autobusez gerturatzeko zailtasunak areagotu egin du arazoa.

Foronda aireportuko aparkalekua txiki geratu da opor egun hauetan izan dituen joan-etorri guztietarako, eta dozenaka lagunek debekatutako tokian utzi behar izan dute autoa. Andetxa herrira arteko bidean eta herrian bertan pilatu dira Aste Santuko egunetan.

Aparkalekuak doako 600 plaza ditu, eta ez da nahikoa izan egunotan izan diren hegaldi guztietarako. Besteak beste, Berlin, Krakovia, Istanbul edo Madeirara izan dira charter hegaldiak, beste zenbait hegaldi erregularrekin batera. Aparkaleku faltak eta aireportura autobusez gerturatzeko zailtasunak, gainera, areagotu egin du arazoa, eta espaloietan edo oinezkoen bideetan utzi dute kotxea.

Oporralditik bueltan, isuna aurkitu dute aireportuan eta Andetxa bidean gaizki aparkatu dutenek. Argazkia: ALEA

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago