LABek salatu du "milaka gutun" banatu gabe daudela Gasteizen

Erredakzioa 2025eko apirilaren 17a

Correos Gasteizen "kaosa" dela esan du LABek.

"Zonalde batzuetan bi hilabete baino gehiago daramatzate posta banatu gabe", esan du LAB sindikatuak.

Langile faltagatik milaka bidalketa banatu gabe daude Gasteizen. Hori salatu du LAB sindikatuak, eta Alde Zaharra, Santa Luzia eta Salburua auzoetan dagoen muturreko egoera jarri du adibide gisa: "10.000 posta bidalketa baino gehiago daude pilatuta Salburua, Alde Zaharra eta Santa Luzia auzoetan bakarrik".

LABen arabera, Correosek ez ditu ordezkapenak eta bajak kubritzeko langileak kontratatzen, eta ondorioz "kaosa" sortu da azken hilabeteetan posta banaketan. "Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte eta erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe".

Gutun ofizialak, alde batera

Langileen premiarekin batera, sindikatuak azaldu du Correosentzat lehentasuna dela paketeria eta jakinarazpen jakin batzuk banatzea, eta herritarrentzat garrantzizkoak diren gutunen banaketa alde batera uzten ari dela. "Gutun ofizialen, mediku hitzorduen, ogasuneko eta epaitegietako jakinarazpenen, fakturen eta abarren banaketa duela hilabete batzuetatik dago trabatuta". 

Ildo horretan, LABek esan du posta zerbitzu unibertsalaren gainetik, "zergarik ordaintzen ez duten internet bidezko salmenta erraldoien interesak" jartzen ari dela Correos. "Zuzendaritzaren kudeaketa txarrak eta murrizketek kalte larriak eragin dizkiete herritarrei".

Horren aurrean, lan baldintza duinak eta posta publiko eta kalitatezkoa aldarrikatu du sindikatuak. "Correosek plantilla nahikoa izan behar du posta zerbitzu unibertsala behar bezala bermatzeko, herritarren eskubidea baita".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago