Gasteizko TAO sistema berriak egoiliar eta profesionalei aparkatzea erraztuko die

Erredakzioa 2025ko api. 15a, 14:22

Ez da ibilgailuan tiket fisikorik jarri beharko urritik aurrera. Argazkia: Gasteizko Udala

Urrian sartuko da indarrean araudi berria. Ia bikoiztu egingo dira TAO plazak, digitalizatu egingo da eta langileentzako bereizgarri espezifikoa sortuko dute, ez dezaten ordaindu.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoko zinegotziak gaur aurkeztu du aparkaldi mugatuaren TAO sistemaren araudi berria, "erreforma integrala" egin ostean. Bizilagunen eta profesionalen eskaerei erantzuteko helburuarekin berrituko dute sistema, azaldu duenez, eta mugikortasun jasangarriagorantz bidea egiteko. 

Emisio Gutxiko Eremua ezartzear egoteak ere bultzatu du aldaketa. "Egoiliarrek errazago aparkatu ahal izatea, eta gremioek eta autonomoek eguneroko lana egiteko tresna egokiak izatea bermatu nahi dugu", adierazi du Artolazabalek.

Plaza gehiago eta kontrol digitala

Urrian indarrean sartuko den berrikuntza honek nabarmen handituko du TAO eremua, ia bikoiztu egingo da, egungo 6.000 plazetatik 11.000 izateraino. Hazkunde honek hainbat auzori eragingo die, Arana, Aranbizkarra (Valladolid kaleraino, Hortaleza eta Amizkarra barne), Santa Luzia (Astronomoetaraino), San Martin, Aranzabal eta Adurtza (Triana kalearen inguruan).

Sistemaren digitalizazioa izango da berrikuntza handietako bat. Ez da derrigorrezkoa izango tiket fisikoa autoan jartzea, kontrol automatikoarekin matrikulak irakurriz egiaztatuko baitute ea ibilgailuaren matrikula sartua dagoen parkimetroan edo mugikorreko aplikazioan. "Arinagoak eta eraginkorragoak" izango dira hala, Artolazabalen hitzetan, eta kontrolerako ibilgailuen flota handituko dute, "gutxienez bitik hirura".

Profesionalentzako doan

Araudi berriarekin bereizgarri bat sortuko dute gremio, autonomo eta profesionalentzako. Honekin TAO gune guztietan aparkatzeko aukera izango dute, denbora mugarik gabe eta tiketa atera beharrik gabe. Sektorearen "eskaera historikoari" erantzun dio udalak hala, "beren beharretara egokitzeko". Kargatzeko eta deskargatzeko TAO gune berria ere ezarriko dute, doakoa, 30 minutuz erabiltzekoa gehienez, profesionalek erabili dezaten.

Udako TAOaren egutegia ere aldatuko da araudi berriarekin. Abuztuaren 5etik aurrera ez zen ordaindu behar izaten, hilabete bukaeraraino, eta orain abuztuaren 1etik aplikatuko da neurria. Abuztu osoan zehar ez da TAOrik egongo, beraz. Datozen hilabeteetan hasiko dira egokitzapen lanekin, parkimetro berriak ezartzen, plazak margotzen eta seinaleztapena jartzen, esaterako, baina datorren urrira arte ez da martxan jarriko araudia. Bihar onartuko dute Tokiko Gobernu Batzordean.

Bi isun mota ezarriko zaizkie arauak hausten dituztenei. Arinak batetik, tiketik ez izatea, denbora gainditzea edo egoiliarren guneetan aparkatzeagatik jartzen direnak, 30 edo 60 eurokoak izango dira, egondako denboraren arabera. Bestalde, arau hauste larritzat hartuko dira datuak faltsutzea eta iraungitako edo manipulatutako bereizgarriak erabiltzea. Azken hauek 200 euroko isuna jasoko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago