Erdiguneko saltokientzat atez atekoa ezarriko du Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2025ko api. 15a, 09:23

Gasteizko edukiontziak aldatuko dituzte. Argazkia: PHOT.OK

Gasteizko Udalaren garbiketa kontratu berriak hamar urteko iraupena izango du, 2036ra arte, eta urtean 35,5 milioi euroko aurrekontua du.

Gasteizko Udalak argi berdea eman dio kaleak garbitzeko eta hiri hondakinak biltzeko zerbitzu berri bat kontratatzeko espedienteari. "Plegu hau Gasteizek garbiketaren arloan dituen beharrei, eta herritarrek helarazi digutenari erantzuteko da. Funtsezko zerbitzu publikoan mugarria jartzea nahi dugu", azaldu du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, Pascual Borja Ingurumen Kudeaketako zinegotziarekin batera egin duen agerraldian.

Hamar urterako esleipena aurreikusten du pleguak eta urtero 35,5 milioi euroko partida bideratuko da zerbitzua emateko. 2036. urtera arte, hamar milioi euroko igoera aurreikusten da urteroko partidan. "Igoera horrek udal kutxei zer nolako ahalegin ekonomiko handia eskatzen dienaren inguruan pentsarazi behar digu eta gogoeta eginarazi", azpimarratu du Etxebarriak.

Atez ateko sistema

Kontratu berriarekin, hiri erdian, zabalgunean eta alde zaharrean atez ateko bilketa sistema bat ezarriko da saltokientzat. Lokal bakoitzak bere hondakinak udalak emandako poltsa edo edukiontzietan gorde beharko ditu, eta ezarritako ordutegietan atera.

Halaber, auzo horietan gaikako bilketarako modulu finkoak ere instalatuko dira, edukiontzi mugikorren egungo sistemaren ordez, zati bakoitzerako argi identifikatutako ahoekin (papera, ontziak, organikoa, etab.).

Edukiontzi berriak

Bestalde, egungo edukiontzien ordez metalezko ontzi berriak jarriko dira pixkanaka, haien bizitza baliagarria amaitu ahala. Guztiak altzairu galbanizatuzkoak izango dira, gutxienez 1,5 milimetroko lodierakoak, herritar guztientzat erabilerrazak izango dira eta egungoak baino edukiera handiagoa izango dute, hau da, 3.000 eta 3.200 litro artekoa.

"Material aldaketa horrekin urte hasiera honetan izandako suteak bezalako bandalismo ekintzei aurre egin nahi diegu. Bestalde, pisu handiagoa dutenez, haize handiko egunetan ez dira bide publikotik mugituko, eta ez diete trabarik sortuko oinezkoei edo ibilgailuei".

Puntu berde finkoak

Puntu Berde Mugikorrak, berriz, desagertuko dira, eta sukaldeko olioa, pilak, erradiografiak eta hondakin elektronikoak birziklatzeko hogei puntu finko jarriko dira, besteak beste. "Hiriko hainbat espazio eta auzotan banatuko dira, herritarrengandik askoz hurbilago dauden garbigune txiki bihur daitezen, eta, hala, biztanleek ez dute zertan egon beharko Puntu Berde Mugikorrak euren auzoa noiz bisitatuko duen zain, orain arte bezala", azpimarratu du Ingurumen Kudeaketako arduradunak.

Makineria berria

Kontratu berriarekin, gainera, egungo makineria guztia berrituko da, izan ere, zerbitzuan emandako urteak direla eta bizitza baliagarriaren amaieran dago. "Makina astunak gas naturalekoak izan behar dira nahitaez, eta ibilgailu elektrikoak ere sartuko dira puntuazio faktore gehigarri gisa", zehaztu du Borjak.

Garbiketa intentsiboak

Halaber, zerbitzu berri bat indarrean sartuko da, zoladura urez garbitzea. Horretarako, zoladuraren zikinkeria ateratzeko berariazko makinak erabiliko dira. Era berean, kontratako ekipoek, gutxienez urtean behin, garbiketa intentsiboa egingo dute auzoetan. Aurreko egunetan bizilagunei abisatuko zaie eta kaleak seinaleztatuko dira lan horiek egiten diren bitartean ibilgailuak eta oztopoak kentzeko.

Gainera, udazkeneko kanpaina indartuko da, bide publikotik hostoak jaso eta kentzeko; eta zainketa berezia eginen da zolatutako eremuetan sortzen den landaredi espontaneoa kentzera bideratuta.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago