Bost artista eta bost saltoki elkartuko ditu In Situ jaialdiak

Erredakzioa 2025ko api. 10a, 14:53

Miren Ricori Elkar dendako erakusleihoa egokitu zitzaion iaz. Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Ana Barandika, Alba Ruiz, Joel Iglesia, Manu Cruz eta Irati Antia artisten lanak ikusiko dira erakusleihoetan.

In Situ jaialdiak, beste urte batez, tokiko merkataritza eta arte garaikidea elkartuko ditu ekainaren 5etik 27ra bitartean. Bertako zenbait artistaren proposamenak ikusi ahal izango dira aukeratutako erakusleihoetan.

Aurten, Eguia kafe dendan, Origen elikadura dendan, Extreme arropa dendan, Arco inprentan eta Mendia optikan egingo dituzte lanak. Denda hauetako erakusleihoak espazio bizidun bihurtzeko erronka izango dute, "artea eta merkataritza, sormena eta eguneroko bizitza elkarlanean bizi diren lekuak sortuz".

Denda horietarako, jaialdiko epaimahaiak bost artistaren proposamenak aukeratu ditu: Ana Barandika, Alba Ruiz, Joel Iglesia, Manu Cruz eta Irati Antia. "Plazer hutsa da proposamen bakoitza irakurtzea eta bakoitzean hainbeste originaltasun eta kalitate topatzea", nabarmendu du epaimahaiak. "Urtez urte, sortzaileek erakusten dute nola egokitu daitekeen artea espazio mugatu eta konplexuetara, eta oztopoak aukera berriak esperimentatzeko nola bihurtzen diren bestelako hizkuntza artistikoekin jolasteko".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago