Gasteizko haur eskoletan izena emateko gida

Erredakzioa 2025ko api. 8a, 16:50

Gasteizko haur eskoletan matrikulatzeko epea zabalduko dute hilaren 22an. Argazkia: ALEA

Apirilaren 22an irekiko da Gasteizko haur eskoletan izena emateko epea. Guztira 1.379 plaza eskainiko dituzte. 379 udalarenak dira, eta gainerakoak Haurreskolak Partzuergoarena.

Apirilaren 22an irekiko da Gasteizko titulartasun publikoko haur-eskoletan izena emateko epea, bai udalekoetan, bai Haurreskolak Partzuergoarenetan. 2025-2026 ikasturterako 1.379 plaza eskainiko dituzte, horietatik 379 udal eskoletan. Doakoa izaten jarraituko du haur eskolen eskaintza. Udal eskoletan familiek jantoki zerbitzua bakarrik ordaindu beharko dute, hilean 35,30 euro. 

Zero eta hiru urte bitarteko neska-mutilek eman ahal izango dute izena, hau da, 2023an, 2024an eta 2025ean jaiotakoek. Partzuergoarenetan, berriz, 0 eta 2 urte bitartekoek soilik (2024an eta 2025ean jaiotakoak). Zenbakietan, zero urteko umeentzat 320 plaza daude, urte batekoentzat 897 eta bi urteko umeentzat 162 plaza esleituko dira. Sonia Diaz de Corcuera Hezkuntzako zinegotziak zehaztu duenez, azken urteetan eskatu ez diren urte bateko ikasleen lau ikasgela birmoldatu dira eta zero urteko gela bihurtu dira, eta, horren ondorioz, 2025ean jaiotako haurrentzako eskaintza 32 plaza handitu ahal izan dute.

Izena emateko argibideak

Eskola urtea 2025eko irailean hasiko da, 2026ko uztailean amaituko da, eta 2 ordutegi egongo dira: goizez bakarrik eta goizez eta arratsaldez.

Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea 2025eko apirilaren 22tik maiatzaren 9ra bitartekoa izango da. 2025eko maiatzaren 6tik 14ra bitartean jaiotako ikasleen kasuan, 2025eko maiatzaren 19ra arte luzatuko da.

Maiatzaren 21ean eskatzaileen zerrenda argitaratuko da, baita bakoitzaren eskaera zein egoeratan dagoen ere: osatua edo osatu gabea, falta den nahitaezko dokumentazioa zehaztuz. Dokumentazio hori maiatzaren 22tik ekainaren 4ra arte zuzendu ahal izango da. Onartutako ikasleen behin behineko zerrenda eta itxarote zerrenda ekainaren 18an argitaratuko dira. Uztailaren 4an, berriz, argitaratuko dira behin betiko zerrenda eta itxarote zerrenda.

Ikasturtea hasi ondoren, 2025eko irailean, plaza hutsik geratzen bada, familiek hilabetez hilabete eman ahal izango dute izena plaza horiek lortzeko.

Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira gizarte etxeetako Herritarren Arretarako Bulegoetan (hitzordua eskatuta), eta San Antonio kalean (hitzordua eskatuta edo eskatu gabe). Online ere egin ahal izango da, Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, baldin eta identifikazio digitaleko ziurtagiria izanez gero.

Hitzaldi informatiboak

Izena emateko prozesuan sor daitezkeen zalantzak argitzeko bi hitzaldi antolatu dira, eta horietarako ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Ostegun honetan, apirilaren 10ean, izango dira, 18:00etan, Salburua gizarte etxean. Bata gaztelaniaz izango da, ikastetxeko areto nagusian, eta bestea euskaraz, 3. gela balioaniztunean.

Informazio guztia eskuragarri dago udalaren webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago