Bart gauean lau abisu jaso dituzte Gasteizko suhiltzaileek, gauerdiaren bueltan, Judimendi eta Santa Luzia auzoetan sortutako hainbat suteri buruzkoak. Hamabi zabor edukiontzi erre dituzte, eta kalteak eragin inguruko ibilgailu eta zuhaitzetan. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, suteen jatorria argitzeko.
Gaueko 23:40 eta 0:12ak artean jaso zituzten suhiltzaileek abisuak. Ricardo Puga kalean lehena, hiru edukiontzi erre direlako bertan, eta zuhaitz bat ere erre egin da. Polvorin Zaharraren kalean izan zen hurrengo sutea, gaueko larriena, eta sei edukiontzi guztiz kiskalita gelditu dira bertan. Gainera, azken sute honek inguruan zeuden hamar ibilgailuri kalteak eragin dizkie, eta beste zuhaitz bat ere kaltetu du.
Olagibel kalean beste hiru edukiontzi erre dituzte. Suhiltzaileek jasotako azken deia Judimendi hiribideko edukiontzi batzuei buruzkoa izan da, kea irteten ari zelako, eta erre baino lehen itzaltzea lortu dute, itxuraz kalterik eragitera heldu gabe. Edukiontziak erretzen ari zirela leherketa batzuk ere gertatu dira, barruko elementu batzuek eztanda eginda.
Sute gehiago asteburuan
Joan den asteburuan ere antzeko gertakariak izan dira Gasteizen, lotura zuzenik aipatu ez bada ere. Hiriko hainbat puntutan zeuden zazpi edukiontzi erre dira ostiral eta larunbat gauetan, Salburuan, Santa Luzian, Errotan eta Alde Zaharrean.