Korda espazioa husteko prozedura abiatu du Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2025ko api. 7a, 12:39

Korda desalojo arriskuan dagoela salatu dute bizilagunek. Argazkia: Korda

Auzoko eragileen espazio okupatuak ia hiru urte daramatza Pintore kalean zabalik. Abandonatutako lokala auzoarena egin izana aldarrikatu dute dozenaka pertsonak.

Zaharraz Harro jai herrikoiek, Herrizoma elikadura sareak eta Auzoan Bizi etxebizitza sareak duela ia hiru urte okupatu zuten Pintore kaleko lokala, eta Korda sortu zuten, "inolako erabilerarik ez zuen espazioa auzoarena eginez". Orain jakinarazi dutenez, udalak Korda husteko prozedura abiatu du, eta desalojo arriskuan daudela salatu dute eragileek.

XXI Zabalgunea udal hirigintza elkartearena da lokala jabetzan, baina urteak zeramatzan hutsik aipatutako eragileek zabaldu zutenean. Azken urteetan, "autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa ardatz", herri egiturak garatzeko eta indartzeko erabili dute espazioa, azaldu dutenez. Elikadura eta etxebizitza sareen jardueretarako erabili izan da lokala, eta Zaharraz Harro Gasteizko Alde Zaharreko jaietan ere leku berezia izan du azken urteetan. "Hutsik eta egoera txarrean" zegoen lokala berritu eta erabilera "komunitario eta politikoa" eman diotela aldarrikatu dute, hitzaldiak, ginkanak, tailerrak, asanbladak, antzerkiak, bazkariak... askotariko ekimenak burutu dituzte bertan.

Martxoaren 20an jaso zuten zitazio zedula, kaleratze prozesua abiatuz, baina ez dute oraingoz data zehatzik eman. Alde Zaharrean 130 lokal huts daude behintzat, salatzaileen arabera. Kordatik ohartarazi dute Alde Zaharrean eta Gasteizen ugariak direla XXI Zabalgunearen jabetzako etxe eta lokalak, eta horietako asko hutsik daudela, "asko eta asko abandonaturik eta egoera oso txarrean". Korda defendatuko dutela adierazi dute, "auzoak berreskuratutako lokala ez dadin merkatuaren logikara bueltatu". 

Herri egiturak

Arlo ezberdinetan lanean badabiltza ere, "herri egituren logika" aldarrikatzen dute Kordako eragileek. Herritarren antolakuntzaren bidez jendearen beharrei erantzuna ematea dute helburu, izan elikadura arloan, etxebizitzan, edota jai herrikoien eta aisialdiaren arloan ere.

Auzoan Bizik urteak daramatza etxebizitzarekin loturiko arazoak lantzen, izan etxegatzeei aurre eginez zuzenean, aholkularitza lanetan edo instituzioei presio egiten alokairu sozialak lortzeko, besteak beste. Herrizoman, elikadura arlokoa izanik, jendearen elikadura kolektiboki antolatzen saiatzen dira. Ekoizpen propioak egiten dituzte, baratzeko produktuak eta bestelakoak, kideen artean banatzen dituztenak; supermerkatuetan bilketak egiten dituzte eta saskiak banatu behar gehien duten kideen artean, eta elikadurari lotutako bestelako ekimenak ere jarri dituzte martxan.

Maiatzaren 10ean Tira jaialdia antolatu dute Gasteizko Gaztetxean Auzoan Bizi eta Herrizomak, herri egituren alde. Egun osoko egitaraua antolatu dute, datozen asteetan zehatzago iragarriko dutena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago