Zabalgana auzoko hainbat parketan umekiak irudikatzen dituzten dozenaka panpin banatu dituzte aste honetan. Panpinak lorategietako bankuetan agertu dira, poltsatxo batean, honako mezuarekin batera: "Horrela ikusten da ekografia bat soilik bederatzi asterekin. Laguntza behar baduzu, sos.2025.bb@gmail.com".
Hain zuzen, antzerako panpinak banatu zituen abortuaren kontrako talde batek Espainiako diputatuen artean, 2023ko otsailean, abortuaren lege berriaren aurka. Ignacio Arsuaga Hazte Oir talde ultrakatolikoaren presidenteak eta Derecho a Vivir plataformak gutun bat bidali zieten politikariei, fetu itxurako panpinak eta odola irudikatzen duen tintarekin, onartutako legearen kontrako mezuarekin.
Gasteizko udaltzainek Zabalgana auzoan agertutako panpinen berri izan bezain laster, garbitzaileei parkeetan banatutako guztiak jasotzeko eskatu diete.