Kalean bizikleta lotzeko postu berriak jarriko ditu Gasteizko Udalak, gaur goizean iragarri duenez. Bi ibilgailurentzako edukiera duten 585 modulu berri jarriko dituzte, 1.170 plaza berri guztira, eta hiri osoko 181 puntutan jarriko dituzte. Hala, 17.343 aparkaleku izango dira bizikletentzako hiri osoan.
Auzoetan atzemandako beharrei erantzunez erabaki dute aparkaleku berrien kokalekua. Plaza berri gehien Lakua-Arriaga eta Lakuabizkarra auzoetan izango dira, baita Arana, Aranbizkarra eta Aranzabelan ere. San Martin, Txagorritxu, Salburua eta Arkaiateko aparkalekuak ere indartuko dituztela iragarri dute.
Gasteizko Udalak bizikletaren aldeko apustua indartu nahi izan du neurri honekin, Beatriz Artolazabal Espazio Publikoko eta Auzoetako zinegotziaren esanetan, bizikleta ohiko garraiobide bilakatu eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko. Azaldu duenez, Arabako hiriburua Europa mailako bizikleta mugikortasunaren erreferentzia izango da neurri honi esker. "Gobernu honen helburuetako bat mugikortasun jasangarria eta osasungarria sustatzea da, eta horretarako gauzak erraztu behar dizkiegu joan etorrietarako bizikleta aukeratzen dutenei".