Katixa Agirreren eleberria oinarri duen 'Salve María' pelikula estreinatuko dute Gasteizen

Erredakzioa 2025ko mar. 28a, 12:28

Pelikularekin batera, Mar Coll zuzendariarekin solasaldia izango du idazle gasteiztarrak.

Katixa Agirre idazle gasteiztarraren Amek ez dute eleberrian oinarritutako pelikula, Salve María, Gasteizen ikusi ahal izango da azkenik. Artium museoak eskainiko du apirilaren 1ean, 18:30ean. Gainera, proiekzioarekin batera, solasaldia izango dute idazleak eta Mar Coll pelikularen zuzendariak. 

Agirrek 2019an argitaratu zuen Amek ez dute eleberria, amatasunaren eta literatur sorkuntzaren arteko harremanari buruzko hausnarketa, hazte prozesuaren ikuspegi idilikoa hausten duena. Geroztik, hainbat hizkuntzatara itzuli dute, besteak beste, gaztelaniara (Las madres no), katalanera (Les mares no) edo ingelesera (Mothers Don 't), eta horrek eleberriaren hedapena erraztu du. Mar Coll zuzendari kataluniarrak dioenez, bere semeak urtebete zuenean iritsi zitzaion liburua eskuetara, eta erabat identifikatuta sentitu zen Agirrek liburuan islatzen duen "amatasunaren ikuspegi gizatiar eta inperfektuarekin". Hori izan zen Salve Maria filmaren (2024) sorrera, Collen zinemarako egokitzapen pertsonala, drama intimista, tentsioz betea, misteriozko argiekin, eta tarteka thriller psikologikora hurbiltzen dena.

Pelikula 2024ko Locarnoko jaialdian estreinatu zen, eta aipamen berezia lortu zuen bertan. Harrezkero, ibilbide luzea egin du kritikaren eta publikoaren babesarekin. Feroz Sarietan film dramatiko onenaren saria jaso zuen, eta nabarmentzekoa da Laura Weissmahr aktore protagonistaren lanari egin zaizkion gorespenak. Weissmahrrek Emakumezko Aktore Berri Onenaren 2025eko Goya saria, Interpretazio Berri Onenaren 2025eko Gaudi saria eta 2024ko Valladolideko Semincin emakumezko aktore onenaren saria jaso ditu.

Filma 2024ko urriaren amaieran estreinatu zen zinema aretoetan, baina orduan ezin izan zen Gasteizen ikusi. Beraz, datorren apirilaren 1ean, 18:30ean, Artiumen egingo den proiekzioa lan honen estreinaldia hirian izango da.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago